GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lakuaren jarrera «prepotentea» salatu du Itsasondoko Udalak

Azken egunetako albiste eta adierazpenen ostean, minduta agertu ziren Itsasondoko Udaleko ordezkariak eta behin betiko proiektua gelditzeko eta eztabaida sustatzeko deia egin zuten. Itsasondoko herritarren borondatearen gainetik lanak esleitzea Lakuaren jarrera «prepotentearen» isla dela esaten dute. Lopez de Gereñu Lakuako Garraio sailburuari ere zuzendu zaizkio eta «interes orokorrak eta poltsikoa betetzeko interes partikularrak» ez nahasteko eskatu diote.

p019_f02.jpg

Maider EIZMENDI |

Itsasondoko Udaleko ordezkariak haserre agertu ziren atzo, batetik, AHTren proiektuak herriko lurretatik egin asmo duen ibilbide zatia esleitzea erabaki dutelako; eta Lakuako Garraio sailburuak, Nuria Lopez de Gereñuk, gaiaren harira egindako adierazpenengatik, bestetik.

Xabier Iturrioz alkateak eta Danel Etxebarria eta Haizea Arruti zinegotziek, hirurak EAE-ANVkoak, Lakuako Gobernuaren «jarrera prepotente eta inposatzailea» salatu zuten. Lopez de Gereñuk egindako adierazpenen harira, berriz, zera esan zuten: «Bi kontzeptu nahasi zituen: interes orokorra eta batzuen poltsikoak betetzeko dituzten interes partikularrak, garbi dago hemen negozioa izan dela herritarren eskubideeen gainetik garaile atera dena». Galdera ugari jarri zituzten mahai gainean Udaleko ordezkariek eta Lakuari zein Madrilgo Sustapen Ministerioari zuzendu zizkieten: «Nahi duten guztia egin behar al dute? Itsasondoko herritarren iritziak eta borondateak ez al du interesik horientzat?». Lakuari, era berean, informazio kanalak eta prozesu parte hartzailea abian jartzeko eskatu zioten. «Herri kontsultak ilegalak direla, zergatik? Zeren beldur zarete?», galdegin zioten.

«Zundaketa ilegalak»

Bestalde, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa, Euro Consult enpresaren eskutik egiten ari den zundaketen inguruan ere mintzatu ziren ordezkariak. «Ekainaren 19tik zundaketa ilegalak egiten ari dira, lurretan bortizki sartuta eta inolako baimenik izan gabe, ez Udalarena, ezta lurjabeena ere», salatu zuten, EAEko Aldizkari Ofizialean kanpaina geotekniko osagarriaren lehiaketa argitara eman baino lehenago zundaketak hasiak zituztela salatzearekin batera.

Lurjabeei dagokienez ere, Lopez de Gereñuren adierazpenak gezurtatu zituzten. «Lurjabe gehienekin akordio bat egin dutela esan zuen, baina Itsasondon, esaterako, zortzi lurjabe kaltetuko ditu AHTren proiektuak eta Lakua ez da oraindik harremanetan jarri eurekin», azaldu zuten. Desjabetzeei dagokionez, inondik ere kolaboratzeko asmorik ez dutela berretsi zuten eta, beraz, ez dutela Udalaren sinadurarik jasoko. «Araban egin bezala, lehenik obrak esleitu eta gero desjabetzeak tramitean jarriko dituzte. Legala izan daiteke, baina etikoa ez».

Azkenik, gaur Urbinan egingo den manifestazioarekin bat egin eta euskal gizarteari indarrak biltzeko eta kalera ateratzeko dei egin zioten proiektua gelditu bitartean.

Desjabetzeak

Itsasondon kaltetuko dituzten lurjabeekin Lakua oraindik ez dela harremanetan jarri salatu zuten. Desjabetzeak egitekotan, bestalde, Udalaren sinadurarik ez dutela izango berretsi zuten.

Urbinan eta Aramaion bi zita garrantzitsu

AHTren aurka dauden herritarrak zita esanguratsuak dituzte asteburuan. Garrantzitsuena Urbinan, gaur, arratsaldeko seietan herriko plazatik abiatuko den manifestazioan . AHT Gelditu! Elkarlana koordinadorak deituta, manifestazioak lanak behin betiko gelditzeko eta eztabaida publiko eta parte hartzaile bat abiatzeko eskatuko du. Martxa Urbinako plazatik abiatuko bada ere, obretara joango dira protestan, lanetan erabiltzen dituzten indusmakina eta bestelako makineriaren aurrean egingo dute, beraz, proiektua geldiarazteko eskaera. Bertara gerturatuko dira, besteren artean, atzoz geroztik AHTren Aurkako Asanbladak Aramaion antolatutako kanpaldian dauden pertsonak. Atzo abiatu zen eta heldu den abuztuaren 5a bitartean egingo dute AHTren Aurkako XII. kanpaldia, «Geldituko dugu!» lemapean. Hamar egun horietan hainbat ekintza egingo dituzte bertan parte hartuko dutenek: hitzaldiak, eztabaidak, lantegiak, mendi ibilaldiak, musika ikuskizunak... Guztiak egungo eredu soziala eta desarrollismoak eragiten dituen ingurugiro eta gizarte ondoriak eztabaidatu eta salatzeko.

Gaur, goizeko 11.30ean hitzaldi bat emango du Valentziako El Cabañal auzoko kide batek, baina eguneko zitarik garrantzitsuena Urbinan izango dute.

M.E

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo