GARA > Idatzia > Kultura

KRITIKAK jazz

Millerren kolore beroak eta Vienna Arten kolore hotzak

p057_f01_088x124.jpg

Anartz BILBAO

Atzo goizean goiz hegazkina hartu behar zuelako jotzeko txanda aldatu eta Marcus Millerrek jo zuen aurrena. 48 urte beteak dituen brooklyndarra nerabea zela hasi zen musikari lanetan. Baxu jotzaile eta ekoizle trebe, 500 lan baino gehiagotan parte hartua da eta Miles Davisen 1986ko «Tutu» disko elektrikoan egindako lana da nabarmenetarikoa.

Donostian, kapela jantzita, bateria, teklatu, tronpeta, saxo eta harmonika jotzaileak lagun zituela agertu zen, baxuaren maisu nagusienetarikoa dela argi uzteko. Gaztelania traketsean aurkezpenak egin eta indartsu ekin zion kontzertuari. Hilabete honetan bertan plazaratutako «Free» (Sony/BMG, 2007) lanean oinarritu zuen emanaldia, «Blast», «Jean Pierre» edo «When I Fall In Love» kantuekin eta tartean Steve Wonderren «Higher Ground» edo The Beatlesen «Come Together» zoragarri bat bertsionatu zituen, Miles Davisekin grabatutako «Tutu»rekin agur esateko.

Hasieran baxu jotzailearen birtuosismoak beldurtu bagintuen ere, ondo neurtu zuen erritmoa Marcusek eta oso komunikatibo agertu zitzaigun, funk eta soul pasarte trinkoak doinu lasaiagoekin lotuta eta kantu batean klarinete baxu harrigarri handi bat jota. Txalotzekoa harmonika jotzailearen lana ere, elkarren arteko trukaketetan. Dibertigarria, benetan.

Orchestraren txanda gero. Europako big band onena omen da Vienna Art Orchestra eta 30. urtemuga ospatzen ari da. Mathias Rüegg zuzendari dotorea buru zuela, turista gisa jantzitako hamazortzi musikarik betetzen zuten oholtza, kapelak eta betaurreko beltzak buruan. Ikusentzuleen kanporako jario etengabearekin batera, abiadura hartu zuen orkestraren jardunak kanta bakoitzean musikariren bat bakarlari gisa nabarmenduta.

Musikari trebeak eta konponketa bikainak ziren arren, nekagarria eta luze gertatu zen zuzenekoa. Bi klarinetek eta perkusio jotzaileak (triangeluarekin) bisetan egin zuten kantarik bitxi eta politena, plaza erdi hutsik zela.

Fitxa

Taldeak: Marcus Miller +

Vienna Art Orchestra.

Data: Herenegun, uztailak 26.

Lekua: Trinitate plaza (Donostia).

Ordua: 21:00etan.

Sarrera: 30 euro.

Publikoa: 2.293 entzule.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo