GARA > Idatzia > Kultura

ŤAzkaratek ez badu dekretua zuzentzen, historiara orin borraezin batekin pasako dať

Uztailaren 17an Lakuako Gobernu Batzordeak Debako Praileaitz I kobazuloa Monumentu izendatzea ebatzi zuen, Kultur Ondare Kualifikatu mailarekin. Akordioak, ordea, gaitzespen ugari baino ez du lortu azkenaldian. Atzo Debako udaletxean egindako agerraldia bera ere dekretuaren aurkakoa eta Miren Azkarate Kultura sailburuaren kudeaketa eta jarduerarekiko kritikoa izan zen oso. «Ondare garrantzitsua lideratzeko aukera galdu du», esan zuen alkateak.

p054_f01_199x100.jpg

Izaro AULESTIARTE | DEBA

«Guk Eusko Jaurlaritzari egindako babes proposamenak, Aranzadi elkarteak egindako berberak, ez du behar bezalako erantzuna izan. Begi-bistakoa da onartutako dekretuak proposamenari emandako erantzuna ez dela aski ona. Balorazioa oso kaskarra da». Debako alkate Jesus Mari Agirrezabalak hala hasi zuen atzo Praileaitz I haitzuloaren egoerarekiko kezka agertzeko egin zuten agerraldia.

Argi geratu zen, beste behin, aipatu dekretuak hautsak harrotu dituela. «Kultura sailburuak ondare garrantzitsu hori lideratzeko aukera galdu duela uste dut -esan zuen alkateak-. Ez badu dekretu horrekiko jarrera aldatzen, ez badu zuzentzen, historiara igaroko da orin borrae- zin batekin, ondarearen defentsan izandako kudeaketa eskasa egiteagatik eta dagokion papera interpretatzen eta asumitzen ez jakiteagatik».

Azaldu zuen «askoz zuzenagoa eta zuhurragoa» irudituko litzaiokeela Miren Azkaratek beharrezko denbora itxaron izan balu, Kultura diputatu kargua hartu berri duen Maria Jesus Aranburuk ere «gai delikatu honetan» parte hartzeko beta izan zezan. «Hala ere, diputatu berriaren adierazpenak itxaropentsuak dira -argitu zuen-. Telefonoz hitz egin dut eta bere la- nerako plana azaldu dit. Harrobia bisitatu du bere teknikoekin eta ziur asko irailaren hasieran udaletxera etorriko da ikuspuntuak alderatzeko». Alegia, diputatuak azken egunotan aipatu du dekretua irakurri ostean bazuela nolabaiteko kezkarik Lakuak ez ote dituen berez Foru Aldundiari dagozkion eskuduntzaren batzuk bere gain hartu. Auzia argitzeko premiaz aritu zen, nahiz eta adierazpen ofizialik ez duen egin nahi «xehetasun oro» aztertu artean. Printzipioz, baina, bai nabarmendu zuen bere jarrera ondarearen aldekoa izango dela. Eta, litekeena da horren harira esatea alkateak «itxaropen» zantzurik ikusi diela haren adierazpenei.

Nolanahi ere, beste hainbat elkartetako eledunek ere beren iritzia plazaratu zuten atzo. Eskualdeko Debegesako lehendakari eta Mendaroko alkate Irune Berasaluze, Mutriku Natur Taldeko Iñigo Agirre, Praileaitzen Lagunak taldeko Fito Rodriguez, Aranzadiko idazkari juantxo Agirre, ANVko Mila Idiakez, Aralarreko Ina Oiartzabal eta Debako Arte Eskolako gerente eta Praileaitz SOS taldeko idazkari Mikel Campo ere bildu ziren. Ordezkari andana, beraz, ildo bereko iritzia agertzeko.

Berasaluzek, adibidez, Debabarrena eskualdearen izenean elkartasuna adierazi zien Debako Udalari zein Aranzadikoei. Haiek Praileaitzeko ondarea babesteko egin eskaera bere egiten dutela esan zuen, «nahiz eta ez duen jaso denok espero genuen erantzuna Jaurlaritzatik». Herriko elkarte oro -sozialak, kirol arlokoak, kulturalak- eta debar ugari biltzen dituen Praileaitz SOSeko Campo ere ondarearen alde egiten segitzeko prest agertu ziren, «gure aitaren etxea defendituko dut» esaldia erabilita.

Fito Rodriguezek, bestalde, gogorarazi zuen erakunde politiko eta zientifikoei dagokiela «denona dena eta inorena ere ez dena babestu behar eta babestu ahal izatea». Praileaitzen Lagunek arte eta kultur ikuspegitik dute kezka auzi horren inguruan, eta argi dute Lakuaren ebazpena, «ustezko defentsarako neurri eta agindua, ez dela defentsarako, ez duela neurria ematen». Hartara, bat datoz tokiko erakunde politikoek eta Aranzadik egin eskaerekin.

Sentsibilitatea

Aranzadiko Juantxo Agirrek zientzia elkarteak orain arte esandakoa berretsi zuen, «kobazuloa bera babestu behar da, bere ingurua ere, eta izan behar da ikuspegi zabalago bat bailara osoko aztarnategiari begira. Horregatik aurkeztu genuen proposamen bat eta ikusten dugu Jaurlaritzaren ebazpenarekin ez direla bete gure irizpideak. Kezkatuta jarraitzen dugu», esan zuen. Aranzadik lan hitzarmena du Debako Udalarekin eta elkarlanean ari da Diputazioko Kultura Sailarekin ere, baina irizpide zientifiko independenteak ere baditu. Hala, 1969an Ekaingo kobazuloa zein haren ingurua babesteko agertu zuen jarrera bera mantendu nahi du Prai- leaitzekiko. Dekretuak koba nolabait babesten duen arren, berriz eskatu zuen «sentsibilitatea» Sasiolako harrobiak bere jarduera eteteko, eta haitzuloaren zein haren ingurune guztiaren babesa benetan bermatzeko.

Mutriku Natur Taldeak ere dekretua «gutxiengoena eta injustua» dela deritzo, haitzuloaren eta inguruaren babesa bermatu gabe harrobiaren jarduera baimentzen duelako. Azken horren ekimena «berehala» gelditzeko eskatu zuen. Dekretuaren testua aldatu ezean, dimisioa ere eskatu dio Azkarateri, eta helegitea aurkeztuko dio dekretuari. Europako erakundeetara ere joko du ondarearentzako babes bila.

MUTRIKU: AHO BATEZ

Mutrikuko Berdeak taldeko Iñigo Agirre pozik agertu zen atzo herri horretako Udalak Praileaitz babesteko mozioa aho batez onartu duelako. Han ere, beraz, kobazuloa eta bere ingurune osoa babesteko Aranzadik aurkeztu proposamena bere egin dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo