GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Unai Urruzuno Ondarroako EAE-ANVko zerrendaburua

Josune Ariztondoren kezkak

Ezker abertzalea Udalean izatea baino, nahiago izan dute paraxutistez betetako koadrila horri bidea ireki, eta herriaren desioak baino, alderdi interesak lehenetsi

Aztoratuta dirudi Ariztondo andrea. Han eta hemen azalpenak, iritzi artikuluak, txiki geratu zaizkio komunikabide guztiak. Azalpena azalpenaren gainetik, zerbait txarto egiten denean, justifika ezina justifikatu nahian dabilenaren sentsazioa hedatzen dabilela esango nuke. Unai Ziarreta EAko eledunak paraxutista legez izendatu zituenetik, beren ondarroartasunaren arrastoen bila zuhaitz genealogikoan gora hasi eta, pisuzko arrazoiak ematen baino, aitzakiak barreiatzen ez zaigu gelditu anderea.

Josunek dioen guztiak interpretazio askotarako eman dezake baina guretzathau guztia askoz sinpleagoa da. Maiatzaren 27ko gauean hautestontziak irekitzeaz batera, 2.200 orritxo agertu ziren EAE-ANVren iruditxoarekin eta 1.700 PNVrenarekin. Botoa subiranoa dela ulertu izan dugu orain arte, beraz, lehenik zeuen buruari horren zergatiaz galdegin beharko zenioketeela iruditzen zaigu. Emaitzok ikusirik, ondarrutarrei ulertezina egiten zaie, gehiengo osoa duen talde politikoa nolatan dagoen Udaletik kanpo eta, aldiz, bost ordezkari izan beharko lituzkeen alderdia, eta ez pertsonak, agintean jarriko den. Hau da PNVren arazo nagusia, Herriari azaldu ezinean dabilela egin duen tamainako putxerazoa. Ulertzekoa da orduan Ariztondoren ahalegina.

Orain guk gure bertsioa azalduko dugu. Bertsio «ilegala». EAE-ANV izan da bi hilabete hauetan PNV eta beste alderdiekin akordiorako harremanak bideratzen saiatu dena, lehen unetik saiatu ere. Ezinezkoa izan da uztailaren 17a arte (PNVk egin behar zuena erabakita eta zehaztuta izan duen arte) beraiek zioten moduan bilera autorizatu bat egitea, izan ere, alkate izandako Marurik esan bezala, Ondarroako zerrenda kideak desautorizatuak zeuden eta Ondarroan ez zegoen inor EAE-ANVrekin elkarrizketak bideratzeko baimenduta. Are gehiago, beraiek baztertuta, dena Sabin Etxetik kudeatzen ari zirela aitortu zigun. Horregatik zuzendu ginen Sabin Etxera, ez ongi etorriak izango ginela pentsatzen genuelako, ezta gure eskariak entzunak izango zirelakoan, bakarrik Ondarroako herriari erakusteko gure etorkizuna Ondarroatik kanpo, alderdi konkretu baten zuzendaritza politikoan erabakitzen ari zirela.

Eta horrela heldu ginen uztailaren 17ra, baimendutako bilera bakar bat ere egin gabe. Egun horretan ordea, Marurirekin egindako bileran, horrek argi utzi zuen alderdiak bazuela eztabaidaezintzat zuen baldintza bat eta horregatik ez zuela alderdikoa ez den inor izendatuko gestorarako, eta akordioa nahi izanez gero, alderdiak marraztutako muga horren barruan beharko lukeela. Beste hitz batzuetan esanda, EAE-ANVk gestoran ez zuela ordezkaririk izango, erabakiguneetatik kanpo geratuko zela eta geneukan aukera bakarra batzorderen batzuk gidatzea izango zela. Jakina, batzordeetako egi- tasmoak aurrera ateratzeko bermerik gabe. EAE-ANV, herritarrek erabakitako zazpi ordezkaritik zero izatera pasako da PNVren «proposamenean», eta PNV, bostetik bederatzi izatera. Guretzat proposamen hori onartezina zen eta gure harridurarako, proposamen hori «saltzen» ari zitzaigun Marurirentzat ere, berak aitortu bezala, seriotasunik gabea. Idatziz emateko eskatu eta ezezko borobila.

EAE-ANVk bere proposamena jarri zuen mahai gainean. 6-4-1-1-1 proposamena. 6 ANVk, 4 PNVk eta bana EAk, PPk eta EB-Aralarrek. Prest agertu ginen zinegotzi bat galdu eta ondorioz gehiengo osoa galtzeko, horrela, herritarrek aukeratu ez arren, EB-Aralar eta PPri lekua eginda, alderdi guztien gestora osatu eta, aldi berean, herriko errealitate politikoa islatuko zuen gestora bat ziurtatuta. Horri ere ezezko borobila. Bi hilabete hauetan PNVk ez du gurekin ezer jakin nahi izan, ezinezkoa izan da bilera miserable bat adostea, Maruri «harrapatu» nahian ibili gara udaletxean eta kalean, bi hilabetetako adar-jotzea, azken finean.

Presio eta mehatxuak ere aipatzen ditu Ariztondok, ez da lehena zeregin horietan. Azken aste hauetan «La Razon»etik hasi eta EiTBraino, ia komunikabide guztiek esan digute zeinen gaiztoak garen, askoz urrutiago joan direnak ere egon dira, baina, nola diren gauzak, herriko jelkideek beraiek esan dute baita beraien burukideei ere, Ondarroakoa ez dela beldur kontua, orain lau urte irabazi bezala, oraingoan hauteskundeak galdu dituztela eta kitto, aurkeztu zuten talde zein programak jasotako babes murritza izan dela egoeraren gakoa. Sabin Etxekoek ez bezala, halaxe ulertu dute herriko jelkideek. Baina presioez ari garenez, gure eskuetara heldutako, Ondarroako EAJko afiliatuei EAJren zigiluz eta Urkulluren sinaduraz igorritako gutunak ere aipa ditzakegu, zein terminotan eta zein modutan «animatzen» eta «gonbidatzen» dituen Urkulluk Ondarroako EAJko kideak gestorako partaide izatera. Gure belarrietara heldu den bezala, Urkullu eta beste sei burukide batzokira etorri zirenekoa ondarrutarrak «animatzera» eta «gonbidatzera».

Denok dakigu, bai guk, bai jelkideek, baita herritarrek ere, PNVk aukera bi izan dituela. Biak ala biak egingarriak, posibleak. Herriak esandakoa errespetatu eta ezker abertzalea Udalean onartu edo Alderdien Legeak eskaintzen zizkien zirrikituez baliatuta, Lege horren ondorioak bermatu eta azken horien aldeko hautua egin dute. Beste keinu bat PSOEri. Ezker abertzalea Udalean izatea baino, nahiago izan dute paraxutistez betetako koadrila horri bidea ireki, herritarren desioak baino, alderdi interesak lehenetsi, lanerako prest aukeratuak izan direnak baino, inolako motibaziorik gabe eta distantzia kontrolez arituko diren alderdikideak inposatu.

Eta zer esan EB-Aralarrez? Ezkertiarretan ezkertiarrenez? Demokratetan demokratenez? Ehun eta piku botorekin, Imazen aginduz-edo, badaezpada ere isilpean, inori jakinarazi barik, beste guztiek baino lehen gestorarako kidea Ondarroako zerrenda buruaren gainetik izendatu duten horiez: penagarria.

Bada, hala daude gauzak. Legalmente legitimado sentitzen zela zioen atzo Felix Aranbarri alkate izan behar denak. Egia da. Legea da zilegitasuna ematen dion bakarra, ezker abertzalea joko politikotik at uzteko espainiar ultraeskuinak diseinatutako legeak, Conde Pumpidok eta Auzitegi Gorenak. Felix Aranbarri izena zeraman orritxo bat bera ere ez zen agertu M-27an. Frankismoa gogorarazi digute jelkideek, alkateak zero botorekin, a dedo aukeratzen ziren garai haiek.

Aranbarri, Gatzaga, Rosales, Ariztondo eta abarrek, aurrerantzean, lekutxo bat irabaziko dute gure herriko historiaren urrezko orrialdeetan, ahaztezinak zaizkigun Xaxi, Moreno eta enparauen aldamenean. Demokraziaren izenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo