Alberto De Abajo Gonzalez Piroteknia Guzurti eta Zoro
Espazio zabalen bila
Metroko Geltokia eta Villamonteko plaza lotzen dituen eskaileretan zabaldutako zuloa itxi dezan eskatzen diogu Udalari
Uztailak 27, gaueko 22:00ak. Urtero legez gure tretxuak atera, atondu eta bagoaz umeen bizigarri gertatzen den zezensuzkoa ateratzera, Algortako jaietan programatu dugun moduan.
Aurten, jai batzordearekin leku bakar batean egitea adostu dugu, Telletxe kalean, Algortako metroko plazan. Zezensuzkoak ibilbide zabala behar duelakoan, umeek egiten dituzten korrikaldiei bidea emateko. Ikusgarria da zenbat ume eta guraso batzen diren gure ekitaldietan. Ilusioa, beldurra, miresmena, nahia eta ezina... batzen dira, umeen aurpegien bueltan. Zaila egiten zaigu han biltzen diren sentimendu guztiak lerrootara biltzea, baina, badakizue jakin, zelango zirrara polita sortarazten duten umeek konplexu barik agertzen dituzten sentimenduek.
22.25, hurreratu gara aipatu metroko geltokira. Ingurua beterik dago, baina ez umeez bakarrik: txurreri bat, kale saltzaile andana, programatu gabeko kale ikuskizun bat, tabernetako «terrazak».... Nondik marraztu ibilbide bat gure gaueko entzierro partikularra egiteko? Ezinezkoa zaigu. Urteroko kontua.
Asfaltora salto egitea pentsatu dugu baina udaltzainak deitu behar izan ditugu, berez ebakita dagoen errepidetik kotxeen etorrera eten dezaten.
Zezenak azken bolandera lehertu du. Karreren izerdi beroen artean argi gorri bat isiotu da, ume bat metroko geltokiko eskaileren zulotik jausi da, etzanda dago, baina mugitzen da. Bihotza estutu zaigu. Eroan dute. Zer pasa da? Galderarik errepikatuena.
Egun bi beranduago badakigu umea onik dagoela, bere hanketako eta txorkatiletako hezurrak ez hainbeste.
Gure aupadarik handiena eta laster errekuperatu dadin. Gure aurretik alai eta izerditsu ikusi nahi zaitugu, karreran. Bihotz taupada handi bat!
Getxoko Udalari, metroko geltokia eta Villamonteko plaza lotzen dituen eskaileretan zabaldutako zuloa ahalik eta arinen itxi dezan, eskatu, erregutzen diogu. Bertoko txinboak eta espazioa erabiltzen duten umeen amildegi bilakatu ez dadin eta eskuak burura eroan orduko... Baita bere plangintza urbanistikoetan espazio ireki eta libreen eraikuntzei bide ematea ere, Algortak horren falta nabarmena baitu.
Eta modu batean edo bestean Algortako jaietan parte hartzen dutenei: mesedez, jaietako egitarauan agertzen den guneotan eta orduotan, zezensuzkoari dagokion ordu erdi hori umeena izatea. Mesedez, UMEONA. Eurek baitira momentu horietako protagonista nagusiak eta ondo merezita daukate hori eta... gehiago ere!!! Adarkada bero bat!!!