Aizkora Irekia
Bizkaiko kirolariek beren maila erakusteko aukera dute
Herrialdeko zortzi aizkolarik, Urrezko Aizkoran izan ziren zortzi onenekin bikoa osatuko dute eta Bizkaiko Irekia jokatuko dute uda honetan
Jon LEUNDA | BILBO
Gaurtik aurrera aizkolaritzak lehiaketa berri bat izango du, Algortan abiatuko baita Bizkaiko Irekia. Bertan binakako saioak izango dira, eta Bizkaiko zortzi aizkolarik, Urrezko Aizkorako zortzi onenekin bikoa osatuko dute. Bizkaiko Federazioa eta Egur Sport enpresa dira lehiaketa berri horren antolatzaileak.
Txapelketa horretan, bi multzotan banatuta arituko dira aizkolariak, eta bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira finala jokatzeko. Lehen multzoko estreinakoak, bigarren multzoko bigarren sailkatuaren aurka jokatuko du finalaren atarikoa, eta lehen multzoko bigarrenak, bigarren multzoko lehenengoaren aurka. Bi irabazleak izango dira finalean.
Multzoak horrela geratu dira: lehenengoan, Nazabal-Txikon, Arrospide-Aldape, Lopez-Larrea eta Mendieta-Peñagarikano. Bigarren multzoan, berriz, Larretxea-Garitaonaindia, Olasagasti-Zelai, Arria V.a-Atutxa II.a eta Rekondo-Zubiaga.
Proba bakoitzean, aizkolariek honako lana egin beharko dute: hasteko, 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu beharko dute, eta bikote bakoitzeko aizkolari bakoitzak enborreko alde bat moztu beharko du, hain zuzen. Ondoren, erlojuz kontra, bi 45 ontzako moztu beharko dituzte, aizkolari bakoitzak enbor bat. Ondoren, kana-erdiko bat zutik eta bestea etzanda moztu beharko dituzte, aizkolari bakoitzak bana. Laugarren lanean, 60 ontzako enborra moztu beharko dute, eta bakoitzak erdia erdibitu beharko du. Azkenik, txanda librean, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte.
Bizkaiko aizkolarien zerrendari begira jarrita, Bihurriren hutsunea nabari da, eta Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak, eman zituen horren arrazoiak: «Lehiaketa prestatu genuenean, bera min hartuta zegoen, eta ez zegoen garbi lehiatzen hasteko moduan egongo zen edo ez, horixe izan da bera kanpoan uzteko arrazoia», esan zuen.
Federazioa, gustura
Lehiaketa hau Egur Sport enpresak eta Bizkaiko Herri Kirol Federazioak antolatzen dute, eta Jose Inazio Isla, Federazio horretako presidentea, oso gustura agertu zen txapelketa berri honen atarian: «Oso garrantzitsua izango da gure aizkolarientzat. Zortzi onenekin arituko dira, eta hara hor zenbat txapeldun dauden. Beren ondoan lehiatzeak sekulako ilusioa egiten die, eta ikasteko ere balioko die», esan zuen presidenteak.
Herriek ere gustura hartu omen dute txapelketa berri hori: «Herriak ere gustura daude. Antolatzeko eskaintzak egiten ari gara eta oso erantzun ona jaso dugu. Bertako aizkolariak onenekin batera nahasita ikusteak, berei ere ilusioa egiten die», aitortu zuen Islak.
Izan ere, herrialde horretako aizkolariek urtean zehar jendearen aurrean aritzeko ez baitute aukera gehiegirik izaten: «Gehienek, txapelketa ofizialez gain, oso aukera gutxi zituzten herrietan zehar ibiltzeko. Beraz, horrela zaila da aurrera joatea, eta honekin beste ate bat zabaldu zaie eta, erakustaldi xume bat baino askoz ere gehiago denez, horrek berak ere gogoa piztuko die», esan zuen.
Bizkaitik arituko diren zortzi kirolarietatik bost gazteak dira, eta hori ere nabarmendu nahi izan zuen herrialdeko lehendakariak: «Azken batean, etorkizuna gazteengan dago, eta hori zaindu behar dugu. Lehiaketa honetan gehiengoa dira eta aurrera begira itxaropentsua da hori», esan zuen Islak.
Bizkako Irekia gaur abiatuko da, 17.30ean jokatuko baita estreinako jardunaldia Algortan, bertako metro plazan. Han izango dira Larretxea-Garita eta Olasagasti-Zelai.
Binakako saioa denez, ez dute izarrek soilik ongi egin beharko beren lana, baita bizkaitarrek ere, eta horren arabera egongo da amaierako emaitza ere. Etxeko aizkolarien maila ikusten hasteko aukera paregabea izango da.