Sokatira Euskal Herrikoa
Goiherrik arazorik gabe irabazi ditu azkeneko jardunaldia eta txapela
J.L. | DONOSTIA
Goiherri taldeak aparteko arazorik gabe eraman du 560 kiloko txapela. Jardunaldi bakarra geratzen zen amaitzeko, eta hori herenegun Berangon jokatu zuten. Berdeak aldetxoarekin heldu ziren azkeneko jardunaldira, baina ez zuten ezustekorik nahi, eta azkeneko saioa ere irabazi egin zuten.
Azkeneko jardunaldian ere tiraldi guztiak irabazi egin zituzten txapeldunek. Emoziorik handiena bigarren posturako izan zen. Amaierako saiora berdinduta heldu ziren Goiherri B eta Gaztedi A, eta hemen ere berdinketan amaitu zuten. Txapeldunekin galdu egin zuten, baina Gaztedi B mendean hartu zuten. Elkarren arteko dema, ordea, berdinketan amaitu zuten, eta amaieran gauzak lehenean geratu ziren.
Bigarren postua erabakitzeko, beraz, kitarako saioa jokatu behar izan zuten Goiherriko bigarren taldeak eta Gaztediko lehenengoak. Horretan, Gaztedi hobeto aritu zen. Lehen tiraldia faltengatik irabazi zuen, eta bigarrena, berriz, aise eraman zuten. Azken postuan Gaztedi B geratu zen, saioko tiraldi guztuak galduta.
Sailkapen nagusian, Goiherri A izan da txapelduna, 12 punturekin; bigarren gaztedi A izan da, 7,5 punturekin; hirugarren Gohierri B izan da, 7,5 punturekin; eta, azkena, Gaztedi B geratu da, 3 punturekin.
Amaitu da Euskal Herriko lur gaineko txapelketa, eta Goiherri A izan da jaun eta jabe. 680ko, 600eko eta 560ko txapelak jantzi ditu. Gaztedi A taldeak, aldiz, 640 kilokoan lortu ahal izan du garaipena.