GARA > Idatzia > Euskal Herria

Uztailaren 26tik Pasai Donibane pozez mozkortuta dago

Gaur bukatuko dira Pasai Donibaneko bestak. Edo bihar goizean, hobeki erranda. Egunak darama marinel herri horrek erne, pozez mozkortuta; egunak daramate kale estuek irri zabalez gainezka. Laster lokartuko dira, bestazalez hustean, baina bitartean atsedenerako asti guti izanen dute, batelariek bezala. Desfilea eta estropada izanen baitituzte horiek.

p021_f03_235x515.jpg

GARA |

San Inazio eguna da gaur, eta Pasaiako lau barrutietako zaharrena, Donibane, bestetako azken txanpan dago. Hemendik ordu batzuetara lotara joanen da marinel herria, amets goxoak egitera, eta, segur aski, familiarekin eta lagunekin pasatutako une ahaztezinei buruzkoak izanen dira amets horiek. Jaien hasieraz oroituko da, uztailaren 26az: aspaldiko partez oskarbi zegoen zerua Santa Ana egunean, berak ere parranda egin nahiko balu bezala. Gibelean gelditu ziren laino ilunak eta langarra, eta karriketako giro alai eta beroarekin bat egin zuen eguraldiak.

Egun hartan, meza nagusia izan zen Santa Ana ermitan, eta bukatzean salda eta pintxoak banatu zituzten. Aiton-amonen aterpeak antolatutako mus txapelketa izan zen gero; ume eta gaztetxoentzako puzgarriak Meipiko parkean; buruhandiak eta txistulariak. Julian Fraile eta Karmen Gereño aiton-amonek suziria lehertarazterako eta ikurrina goititzerako, haurrak atseden hartzeko gogoz egonen zirela pentsa dezake norbaitek. Baina, bai zera! Eguzki berotan saltoka eta lasterka nekatu arren, parrandan segitu nahi zuten oraindik.

Txikienak Santiago plazan hartuko zituen loak; habaneren doinu goxoekin itxiko zituzten begiak, aspaldiko garaiak gogoan, andreak gizonak itsasotik noiz etorriko esperoan zeuden bitartean. Jantzi zaharrak soinean, elkarrekin dantzatu zituzten habanerak. Hirugarren urtez egin zuten ikuskizun hori, eta herritarrek hagitz gustuko dutela erran daiteke, jende pila bat bildu baitzen.

Hala ere, egunik berezienak 27a eta 30a izan ziren beharbada. Ia 25 urte dira Donibanen San Pantaleon egunak sardina erre usaina duela, lagun taldeak arrain horiek eta ikatza biltzen aritzen baitira postuak prestatu eta arratsaldean bestazale gosetuak asetzeko. Sardinak doan jateko aitzakiarekin, ehunka lagun bildu zen aurten ere giro ederrean, bertakoak eta inguruko herrietakoak ere bai.

Preso eta errefuxiatuak gogoan

Atzoko eguna presoei eta errefuxiatuei eskaini zieten, eta makina bat ekitaldi izan zen aukeran: goizean diana eta buruhandiak ibili ziren trikitilariekin batera karrikak animatzen; gaztetxoak gogoz aritu ziren jostetan plazan; eta gero aho zabalik utzi zituen Txan magoaren ikuskizunak.

Trial erakusketaren eta fanfarrearen eta trikitilarien musikaren ondotik, herritarren arteko erronka izan zen plazan. Gero, orain urte dezente egiten hasi ziren ekitaldi baten txanda izan zen: barrikotearena. Saiheskia, gazta eta irasagarra jan zituzten, sagardoa edan, kanta zaharrak kantatu... Zezensuzkoa ere etorri zen, preso eta errefuxiatuei omenaldia egin zieten eta aurreskua dantzatu zuten beren ohorez.

Gaua bukatzeko, dantzaldia izan zuten Santiago plazan Irusta taldearekin, kontzertua ere bai Bonantzako arkuan eta, goizeko lauretan, txokolate-jana txosnetan tripa-zorriak isiltzeko eta besta egiten jarraitzeko indarrak biltzeko.

Hala ailegatu dira jaietako azken txanpara, ustekabean. Gaur gauean jaitsiko dute ikurrina, baina aitzinetik hamaika ekintza dute gozatzeko. Goizeko zortzietarako sokamuturra dago iragarrita Donibane kalean eta Santiago plazan. Geroago, bederatzi eta erdietan, itsas-diana izanen da herri guztian Konstantzia bandaren eskutik, eta hamarretan, Itsas Mendiko txistulariek kalejira eginen dute.

Eguerdian, berriz, batelariak izanen dira bestetako protagonista: desfilea, ontziratzea, estropada, zortzikoa eta sari-banaketa eginen dituzte.

haurrentzat

Puzgarriak izanen dira gaur 17.00etatik aitzinera plazan; 19.00etan Koko, Moko eta Kiki pailazoak arituko dira irri eginarazten; eta ordubete geroago askaria izanen da. Dena haurrek goza dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo