Hamaika Arte Espazioa izeneko erakusketa aretoa ireki berri dute Lekeitioko herrian
Gotzon Ugarte da Bizkaiko herrian erakusketa aretoa zabaldu duena. Bere obrak daude momentu honetan ikusgai, baina irailerako, aurtengo Ertibil sariaren irabazleak, Ione Sagastik, aurkeztuko ditu bere lanak.
Ianire RENOBALES | LEKEITIO
Gotzon Ugarteren lanek betetzen dute Hamaika Arte Espazioa eta Lekeitioko inguruko obrak daude orain ikusgai. Arte plastikorako espazioa da eta kultura hedatzea du helburu.
Abuztuaren 16an, bigarren gonbidatu batekin batera beteko da erakusketarako esparru hau. Horrez gain, Miren Leturiaren eta Ester Astarloaren lanak ikusteko parada izango da. Bestalde, irailetik aurrera, aurtengo Ertibil sariaren irabazle Ione Sagastiren obra grafikoak ere ikusi ahal izango dira.
Dauzkaten proiektuen artean bat gehiago baino ez da eskultura ere gaineratzea; baina gabonetarako, kolektiba bat egitea dute helburu.
Ugartek bi arrazoirengatik erabaki du erakusketa aretoa bere jaioterrian irekitzea: bata, herri batetik bestera egin beharreko bidaiak saihesteagatik; eta bestea, haren ustez, Lekeitio aberatsa delako folklore mailan, baina kultura mailan ez dagoelako mugimendu handirik. Ireki berri duen gela horren xederik garrantzitsuena Bizkaiko kostaldeko herri horretan kultura plastikoa bultzatzea da.
Lekeitiarrak Arte Ederretako ikasketak egin zituen Leioako fakultatean eta harrezkero egindako bidea nahiko zaila izan da. Merkatu horretan leku bat egitea eta finkatzea lan zaila da eta horrexegatik, kontaktuak mantentzearen garrantzia nabarmentzekoa da, Ugarteren ustez.
Ertibil sariaren irabazlea
Gotzon Ugartek birritan irabazi du sari hori. Lehen aldiz, 2002an eskuratu zuen eta 2003an bigarrenez lortu zuen.
Gasteizko Gobernua arduratzen da sari horren banaketaz. Xedea da hastear dauden artisten bidea erraztea, merkaturako sarreran lagungarri suertatzea.
Urtero ematen da eta 20 parte-hartzailek dute eskuratzeko aukera. Ugarteren aburuz, irabazteak norbere burua martxan ikustea dakar; ezagutarazteko tresna da. Sari ekonomikoa ere banatu egiten da: lehenengoa, bigarrena eta hirugarrena. Horrez gain, 2.000 euroko hamabost sari ere eskura daitezke.