EAE-ANVk bere hitza bete eta %34 jaitsiko du Oiartzungo alkatearen soldata
Hauteskundeak igarota, EAE-ANVk iragarri bezala, alkatetza eskuratu duten herrietan karguen soldatak jaitsi eta auditoriak eratzen ari dira. Ostiralean, Oiartzunen aplikatu ziren neurri horiek.
GARA |
Hauteskundeak igaro eta kasik hilabete igaro zenean, EAE-ANVk alkatetzak eskuratu zituen herrietan auditoriak sortu eta liberatutako kargudun publikoen kopuru eta soldatak jaitsiko zituela esan zuen. Pauso horiek, gainera, «herritarren parte-hartzean, demokrazian eta gardentasunean» oinarritutako kudeaketa lortzeko lehen urratsak zirela adierazi zuten. Esan eta egin.
Joan den ostiralean Oiartzunen txanda iritsi zen. Azken legealdiko soldatei eta kalte-ordanei zegozkien gastu errealak aztertu eta ezinbestekotzat jo zituzten neurriak hartu zituzten udalbatzan.
Lehena, alkatearen soldataren jaitsiera, %34koa, hain zuzen ere. Bestetik, zinegotziei bileretara eta batzordeetara joategatik ez ordaintzea ebatzi zuten eta, beraz, zinegotzien eta alderdien partidak %158 jaitsi dituzte.
Azkenik, liberatuen kopurua murriztea ere ebatzi zuten; hortaz, alkatea, alkateordea eta alkatearen idazkaria izango dira osoko lan jardunean arituko diren kargu politiko bakarrak.
Neurri horiekin aurrezten den dirua -orotara, legealdi osoan 500.000 euro inguru aurreztuko dutela esan dute- arlo sozialean inbertituko dutela ere nabarmendu zuen EAE-ANVk .
Aurrera begira ere, hainbat betebehar hartu ditu bere gain Oiartzungo EAE-ANVk. Hala, hastear diren herriko jaiak behin amaituta, Alkatetzaren gastuak arautuko dituen ordenantza bat proposatuko duela berretsi du. Era berean, azken urteetan udal diruak nola erabili diren aztertzeko, dagoeneko ekipo tekniko oso bat martxan badu ere, auditoria bat eratuko duela jakinaraziko du.
Baina neurriak plazaratzearekin batera, kritika gogorra egin zion EAE-ANVk aurreko legegintzaldian Oiartzun kudeatu zuen udal taldeari.
Soldatak eta kalte-ordainen inguruko gastu errealak aztertu eta «beldurgarritzat» jo zituzten lortutako datuak. Alkatearen soldatari dagokionez, adibidez, 1999-2003 arteko legegintzaldian Xabier Iragorriren soldatan 143.000 euro inguru gastatzen ziren eta, 2003-2o07 artekoan, 239.000 euro gastatu ziren.
Datu horiek ikusita, EAE-ANVk gogor salatu du Martin Beramendiren, aurreko alkatearen «arduragabekeria». Gainera, «Oiartzun bezalako herri langileak Udalaren kontura halako gastuak egiten dituen alkatea ez duela merezi» salatu zuen.
«Herriak Udalera egin dezan, eta Udalak herritarren zerbitzura jar daitezen» egindako urrats horiek, Oiartzunen bezala, EAE-ANV garaile atera den herrietan barrena zabaltzen ari dira. Alderdi ekintzaileak emandako hitza betetzen ari baita.
EAE-ANVk salatutakoaren harira, Martin Beramendi alkate ohiak Visa txartel pertsonala atera zuen udalaren kontura bere gastu pertsonalak asetzeko asmoz eta, lau urteren buruan, 61.000 euro xahutu zituen.