GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | DONOSTIAKO JAZZALDIA

Jazzaldiko konstelazioko azken izar distiratsua, Elvis Costello

Bukaera ederra izan du aurtengo Jazzaldiak Elvis Costello eta Allen Toussaint bikoteak «River in reverse» lana aurkeztu asmoz igande gauean emaniko kontzertu dotorearekin.

p046_f01_199x120.jpg

Katrina urakanak New Orleans deuseztu ostean grabatu zuten «River in Reverse» (Verve, 2006) elkarlana Elvis Costello eta New Orleans bertako Allen Toussaint piano jotzailek. Punk garaietan bezain lotsagabe, aspaldion ausart dihardu Costellok, izan punk, rock, country edo jazz moldeko lan interesgarriak egiten, edozertara egokitzeko duen erraztasuna eta grina azaltzen.

Gogotsu ekin zion igandean ere, bi artista handien elkarlanak emandako emaitza ikusita, jazzeroago eta ez hain poperoa espero genuen kontzertuan, bi ordu luzeko emanaldi gogoangarrian. Allen pianoan irrifartsu, eta Elvis umoretsu eta kontulari, jendearen partaidetza etengabe eskatu zuten.

Bakarlari legez makina bat lan egindako musikari trebeak ditugu biak ala biak. Allen Toussaint 1938an New Orleansen jaiotako piano jotzaile beltza dugu, 60ko hamarkadatik aurrera makina bat musika izarrentzat kantuak sortutakoa (sarritan Naomi Neville izengoitiarekin). Costello berriz Londonen 1954an jaiotako gitarra jotzaile zuria dugu, punk eta new wave garaian Stiff zigiluan ezagun egindakoa.

Donostian, bikotearekin batera, Costellok The Attractionseko garai zaharretatik laguntzaile leial duen Steve Nieve teklatu jotzaile bikaina eta Toussainten bandako The Crescent City Horns metal laukote indartsua izan zituzten, Amadee Castenell eta Bryan Cayolle saxo jotzaileak, Joe Smith tronpeta jotzaileak eta Sam Williams tronboi jotzaile handiak osatua. Gitarran, Anthony Brown, eta aldaketak sekzio erritmikoan, Herman Le Beauxek bateria jo zuen Pete Thomasen ordez eta Paul Bryanek baxua, Davey Faragherren partez.

Hirurehun kantutik gora sortu ditu britainiarrak, eta zazpiehundik gora estatubatuarrak, Costellok azaldu bezala, eta ez zen erraza izan kantu zerrenda aukeratzea, antza denez.

Zuzenekoa elkarlanean ekoitzitako lanean oinarritu zen, «Wonder Woman»ekin hasi eta «The Sharpest Thorn» himnoarekin bukatu, eta tartean Allenek idatzi eta Yardbirdek ezagun egindako «A Certain Girl» edo Costellok hastapen bikainetan (1977ko «My Aim Is True» eta 1978ko «This Year´s Model») argitara emandako kanturik ezagunenak, «Alison» maitagarria edo ohi baino motelago jotako «Watching The Detectives» harribitxia kasu, metalen parte-hartze harrigarriarekin.

Costello karismatikoak zuzendu zuen kontzertua, kanta indartsuenak oihukatuta, eta lasaiagoak Allenen ahots bero eta leunari utzita. Gustura ageri ziren musikariak eta gusturago ikus-entzuleak (plaza erdiko aulkiak erretiratu ziren eta jendea dantzan jarri zuen bikoteak, eserita zeudenak ere altxarazita). Jazzaldiak sukaldatutako azken gutizia musikalaren zapore gozoa dastatuta, eskerrikasko! ozen batekin, etxera.

Jazz egarria

Horrela bukatu zen inguru paregabean ospatzen den Jazzaldi jendetsu eta arrakastatsua. Hala ere, Donostiak zaindu beharko luke bere jaialdiaren izena, berdez margotutako hiriak bere izana mantendu eta garagardo biltegi erraldoi bihur ez dadin.

Gauza ederra da Trinitate plazan kontzertu zoragarriak gozatu ahal izatea, urtero gero eta ugariagoa den eskariak erakusten duen legez. Ez da samurra, hala ere, tokirik ezean magia hori deseroso ikusi beharra, Metheny eta Mehldaurekin gertatu zen legez (non dago aretoaren muga?).

Erosoagoa eta gazteagoa da hondartzako eskaintza, txosnetako plastikoan ateratako garagardoa bi euro eta erdian ordaintzeko prest egonez gero. Bukatzeko, ea datorren urtean, Costellori bezala, artistaren bati euskarazko agurra entzuten diogun...

Anartz BILBAO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo