GARA > Idatzia > Euskal Herria

Transgenikoaren eta biologikoaren arteko ezkutuko gerra

Hitzordua Saint-Dos herrixkako eliza aitzinean emana zuten «Alerte OGM» taldekoek, Euskal Herria, Landak eta Biarnoko lurrak nahasten diren Bidaxune eskualdeko eremuan, hain zuzen ere.

Arantxa MANTEROLA

Ailegatzerakoan, bide parean dagoen taberna bakanetako bezeroek harriduraz begiratzen zuten hainbeste autoen emana. Ezohiko bisitari gehienak komunikabideetakoak zirela konturatuta, beren herri lasaian zer gertatu ote zen galdetzen zioten elkarri.

Beharbada batzuk ez zuten ezer jakingo baina gertatu, egiaz, zerbait gertatu da Bernard Poey laborariaren lurretan. Bernard eta bere emazte Chantal aspaldiko nekazariak dira eta duela zazpi urte laborantza biologikoari ekiteko hautua egin zuten. Behiak hazten dituzte eta, horrekin batera, eguzki-lorea, soja eta artoa ere ereiten dute bere aziendaren bazkarako eta salmentarako.

Aurten, eguraldi kaskarra medio, ohi baino zertxobait beranduago, ekaina hasieran, erein zuten artoa. Inguruko laborariak ere denbora bertsuan aritu ziren. Alta, ustekabe ederra gertatu zaie. Izan ere, beren soroetako artoak ez du apenas aurrera egin. Auzokoena begiratzea nahikoa zen horretaz ohartzeko. Haienak harro egin du gorantz eta lerden agertzen dira. Poeytarren artasoroan, aldiz, metro erdi eskaseko landareak eta hosto xixtrin erdi berde-erdi horiak ageri dira.

Susmo sendoak

Horrelakoak gertatzen direla pentsa zitekeen baina oso bestelako ustea daukate laborariek, baita haiekin batera atzo txango hain berezia antolatu zuten Aquitaine Bio federaziokoek eta Alerte OGMko kideek ere.

Guztiak ziur daude arto biologikoz ereindako bi soroak (bata hektarea erdikoa eta hektarea eta erdikoa bestea) saboteatu dituztela. Poeyk eskarmentu handia du artogintzan eta, aurten ere, betiko moduan tratatu ditu bere eremuak. Susmoak, beraz, beste alde batera bideratu zituzten eta, adituak ekarrita, soroak notario aitzinean ikuskatu eta laginak hartu zituzten azterketa sakonagoak egitearren. Azterketa hori, ordea, zer produktu edo molekula erabili den zehazteko soilik izanen da, zeren «esku beltz» batek, produktu kimikoak erabilita, ereintza izorratu duela egiaztatu baitute jada.

Erasoaren arrazoiak bilatzerakoan ez dute, ez, inolako zalantzarik: inguruan hainbat laborarik arto transgenikoa edo jitez eraldatutako artoa erein dute aurten eta ez dute nahi kontrolik izatea. Izan ere, esan beharra dago, Bernard Poeyen artoa esperimentu programa publiko baten barnean dagoela. Transgenikoen ondorioak ezagutzeko, adituek jarraitutako behaketa berezia egiten ari ziren, Akitaniako Kontseiluak diruz laguntzen duen azterketa-ekimen baten barnean.

Lot-et-Garonne departamenduan Bio 47 elkartean diharduen Patrick De Kochkok azaldu zuen iaz hasi zutela haiek antzeko azterketa. Eskualdeko erakundeek Jitez Eraldatutako Hazien (JEH) erabileraz kezkatuta izatea normala atzematen zuten, Estatu frantsesean ereindako transgenikoen %95 Akitania eta Midi-Pyrenees eskualdeetan baitago.

Bidaxuneko kantonamenduan 450 hektarea arto transgeniko daudela jakin da berriki baina Nekazaritza Ministerioak ez du esan zein eremutan zehazki, ezta hazi horiek zein laborarik erabili dituen ere.

«Zer ezkutatzen dute?»

Kazetariez gain, hainbat laborarik eta ereindako eremu inguruetan etxea duten hainbat biztanlek ere osatzen zuten atzoko taldea eta entzuten eta ikusten ari zirenekin aztoratuta, galdera bat bestearen atzetik egiten zieten agerraldiaren antolatzaileei: «Baina zergatik ez dute argi esaten non erein duten transgenikoa? Zer ezkutatu nahi dute? Zergatik?».

Gobernuak errealitatea ezkutatzeko joera hainbat alditan salatu dutela erantzun zieten: «Etengabe, nekazaritza biologikoan ari diren laborarien elkarte eta sindikatuak informazio eske ari gara baina arrapostua legezkoa dela izaten da. Gardentasun eza nabaria da».

Eskaera-erantzun truke hori frogatzeko dokumentuak erakutsi zituen Maite Goienetxek. Bertan, begi-bistakoa zen Nekarazitza Ministerioko Zuzendaritzak «bapespekotasun irizpidea» gogo onez erabiltzen duela edota landareki ekoizpenaren kontrolaz arduratzen den SRPV erakundeak JEH haziak erabiltzeko eskubidea nabarmendu ostean, hainbat argudio kontraesankorretan oinarritzen zuela bere jarrera.

Erleak eta eguzki-loreak

Artoarekin zer gerta daitekeenaz ez ezik, oso kezkatuta zeuden beste landareek ere jasan zezaketen ondorioekin, ez baitira soilik alboan dauden soroetako ereintzak kutsatzeko arriskua dutenak. Hori zuzenean erakusteko, autoak berriro hartu eta beste soro batera abiatu zen ilara, bata bestearen atzetik.

Aiherrako eztigile batek sei erlauntza jarri ditu aurten Poeyk daukan eguzki-lore soro baten inguruan. Erleek polinizazioan duten garrantzia ezaguna bada ere, De Kochkok nabarmendu zuen eguzki-lorearen kasuan haien lana «berebizikoa» dela, bestela laurdena baino gutxiago ekoizten delako.

Gain hartatik ongi begiztatzen zen agerraldiaren antolatzaileek erakutsi nahi zutena. Jon Harluxet eta Maite Goienetxek nabarmendu zuten moduan, nekazal erakunde batzuk emandako «gomendioak eta ez aginduak», hots, ereintza biologikoaren eta transgenikoaren arteko tartea 50 metrokoa izatearena, ez duela ezertarako balio, alegia. «Erleek ez dute muga administratiborik ulertzen» zioten. «Hemen direnak, arto loretan ibili badira eta arto hori transgenikoa bada, logikaz eguzki-loreetara jotzen dutenean, litekeena da oso haiek ere kutsatzea eta, jakina, erleek egingo duten polena eta eztia bera ere JEHn aztarnak izango ditu», gaineratu zuten, kutsaduraren katea eten ezina izan daitekeela frogatzeko.

Alor guztietan kalitatezko ekoizpenean ari diren ustiatze andana dago Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Gobernuak transgenikoa eta biologikoa elkarrekin bizi daitezkeela ziurtatzen du baina han ikusitakoa ikusi ostean, zaila zen oso hori sinestea, batez ere, aldameneko soroan hazten ari den artoa zein motatakoa den jakiten ez denean. «Ezta Saint-Dosko auzapezak ere, herriko lehen ordezkaria izanik ere, ez daki hori» adierazi zuen Goienetxek berriro ere botere publikoen gardentasun eza nabarmenduta.

Hari horri helduta, esperimentu txiki bat egitera gonbidatu zuen taldea. Erlauntza eta eguzki-lore soroaren parean zegoen arto eremura sartu zen «Alerte OGM»ko kide bat eta hosto berde eder mordoa besoetan zuela agertu zen, aurpegian Nicolas Sarkozyren mozorroa jantzita.

Transgenikoa ote?

Auto ilara bereziak Bernard Poey laborariaren baserrirako bidea hartu zuen, artasoro eremu lauen artean suge moduko ilara egiten. Iritsi aitzin, azken geldialdia hektarea eta erdiko beste soroa erakusteko. Artoa, han ere, penagarria. Etxaldera helduta, laborariz mozorrotutako `Sarkozyk' jasotako artoa transgenikoa den jakiteko froga egin zuten denen aitzinean.

Arbola azpiko itzalean paratutako «laborategian» Maite Goienetxek azaldu zuen, besteren artean, Greenpeace talde ekologistak merkaturatzen duen kit-arekin zer egin daitekeen landarea JEH den jakiteko.

Hostoak txiki-txiki xehetuta, ur desmineralizatua eta erreaktibo baten nahasketarekin ito eta, minutu pare bat itxaron ostean, geratzen den zukua filtratu eta kantitate jakin bat titarexka moduko ontzitxoan bota. Tira edo mihixka berezia sartu eta lehen marra gorria gainditzen badu, froga ongi egin dela jakingo da lehenik. Bigarren marra gorria gainditzen badu, berriz, zukuak zeukan proteina jitez eraldatutakoa dela agerraraziko da.

Umorea galdu gabe eta telebista frantsesean aspaldian «La cuisine de Maite» sukaldaritzako programari ikuslegotik aipu eginda, Maite Goienetxek froga egin zuen, betiere argi utzirik hura ez zela «txantxetako errezeta bat, kontu oso serioa baizik». Bi marra gorriak gainditurik, bertakoek esandakoa egiaztatu ahal izan zuten.

Poey laborariak salaketa jarri zuen joan den ostiralean Salies de Bearneko gendarmerian «X»ren kontra. Ziur dago bere soroak saboteatu dituztela, behaketa programa zapuzteko. «Qualité France» erakundeak aste pare bat barru jakinaraziko du zein molekulak eragin dion bere artoari ez atzera ez aurrera geratzeko. Litekeena da hormona bat izatea, hazkuntza oztopatzeko, baina argi dago zerbait bota diotela arto biologikoari.

Aurtengo uzta galdutzat eman du. Baina gehiago gal dezake laborariak, hainbat urtetan soro horietan ekoizpen biologikoa egiteko eskubidea, hain zuzen. Izan ere, JEH hazia hartu duen lurra bera kutsatua suerta daiteke eta, horrenbestez, soro horiek laborantza biologikotik at geratuko dira ezinbestean.

Aiherrako erlezainak ere ez du lortuko aspalditik bila dabilen labela. Horren kariaz eraman zituen Poeyren eguzki-lore eremu ondora bere erlauntzak. Haiek kutsatuak baldin badaude, erleen ekoizpen guztiak ere, seguru asko, kutsatuak izango dira.

Baterazinak

Biologikoa, transgenikoa... Bi hazkuntza mota, baina teknologia berriarekin bateraezintasuna nabarmendu zuen Harluxetek atzoko txangoan.

Datorren larunbatean, abuztuak 4, Akamarren, Euskal Herriko «Alerte OGM» kolektiboak antolatu duen egunean ere hizpide izango dute goizeko 11.00etatik 13.00etara egingo diren hitzaldietan. JEHak, nehori deus galdegin gabe edo nehork ezer jakin gabe zabaltzen ari direla eta arriskuaren aurrean mobilizatu behar dela hedatu nahi dute. Xede horrekin «Hemen JEH landarerik ez» dioen seinale berria aurkeztuko dute eta transgenikoak detektatzeko materialaren tailer praktikoa ere izango da.

Eta, nola ez, egunean zehar etxe ekoizleen eta bioekoizleen azoka izanen da Akamarren. Alarmismo errazean jausteko intentziorik gabe, baina argi izanik nekazaritzan ekoizpen intentsiboak arrazionaltasunari gaina hartzen badio, litekeena dela antzeko produktuak ekoiztea gero eta zailago izatea eta, beraz, kalitatezko azoka horiek ere urriagoak izatea. Desagertzeraino?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo