GETXOKO ZIRKUITUA
Ikuskizuna ziurtatuta dago 185 kilometroko ohiko ibilbidean
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Gaur, goizeko bederatzietan emango zaio hasiera Getxoko Zirkuituaren 62. edizioari. Ricardo Otxoa Memoriala izena ere duen proba honek hainbat txirrindulari garrantzitsu izango ditu hasieratik. Hala nola, Constantino Zaballa (Caisse d´Epargne), Unai Etxebarria eta Koldo Fernandez de Larrea (Euskaltel-Euskadi) edota Angel Vicioso (Relax) izen nabarmenak dira. Ez da egongo, ordea, lehengo urteko irabazlea, Mikel Gaztañaga euskalduna.
Getxoko Zirkuituak, tradizioari eutsiz, kale arteko ibilbidea mantentzen du, izan ere, zirkuitu itxian korritzen den UCI-ko lasterketa bakarra da. Ibilbideak hiru udalerri zeharkatzen ditu: Getxo, Berango eta Leioa, eta ikusleek hainbat aldiz ikus dezakete tropela 185.35 kilometro dituen ibilbidean.
Zirkuituak 16.85 kilometroko luzera du eta azken urteetan ohikoa bilakatu den moduan Arriluzeko Moilan izango du irteera eta helmuga. Profilak ez du aldapa handiegirik, Txomintxu aldapa besterik ez.
Taldeak honako hauek dira: Nippo, Unibet, Nicolas Mateos, Andalucia, Viña Magna, Caisse, Euskaltel, Karpin, Relax, Saunier, Extremadura, Fuerteventura, Slipstream eta Orbea.