GARA > Idatzia > Ikusmira

Armadatik etorritako artzapezpiku berria

Fernando Sebastianek erretiroa hartu du baina, bere ondorengoa Espainiako Armadatik zuzenean datorrela jakinik, lasai joan daiteke orain arte Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzain izan dena. Eliza katolikoaren hierarkiak Francisco Perez Gonzalez aukeratu du Sebastianen lekua hartzeko. Burgosen jaioa, espainiar Armadako artzapezpiku da Perez Gonzalez, baita Misio Lanen arduraduna ere. Esku batean ezpata eta bestean gurutzea, berriz ere?

Sebastianen agintaldia gatazkatsu samar suertatu ondoren, pentsa zitekeen eliza katolikoa urak baretzen saiatuko zela bere ondorengoa izendatzerakoan. Izan ere, beste behin ere, Nafarroan duen itzal handia -eta askotan iluna- defendatzeko apustu garbia egin du elizak. Izendapen horrek beste mezu bat bidaltzen du: Nafarroan statu quo gordetzearen alde dago eliza katolikoak. Armadatik etorritako artzapezpiku baten bidez, eliza katolikoaren agintariek jarrera atzerakoienak babesten ditu eta Sebastianen bide bera hartzen du. Erretiroa hartu duen artzapezpikuak eskuin muturreko idealak eta taldeak babestu zituen. Muthiko Alaiak peñak bere jarrera hori salatu zuenean, artzapezpikua pankarta debekatzen saiatu zen eta, lortu ez zuenez, prozesioa bultzatu zuen. Bere ondorengoa dibisioko jenerala izanik, auskalo zer desfile mota antola dezakeen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo