GARA > Idatzia > Osasuna

AURKEZPENA

Nico Medina: «Osasunan oso eroso egongo naiz»

p035_f02_088x139.jpg

GARA | IRUÑEA

Denboraldiko bosgarren fitxaketa aurkeztu zuen atzo Osasunak: Nico Medina aurrelari gaztea. Etorkizunerako apustu bat izanik, hogei urteko txiletarrak lau urterako kontratua sinatu du talde gorritxoarekin eta 15 miloi euroko etete klausula izango du, beste kluben batek fitxatu nahi izanez gero.

Patxi Izco lehendakariak eman zion ongietorria Nico Medinari eta taldeak beregan konfiantza handia duela nabarmendu zuen. «Oso aurrelari gaztea da eta guk esperantza handiak jarri ditugu beregan. Ea gurekin ematen duen denboran betetzen diren», esan zuen.

Juanjo Lorenzo kirol zuzendaria izan da Nico Medina Iruñeara etortzearen «errudunetako» bat eta bere ustetan etorkizunerako bai, baina oraineko jokalaria ere bada. «Bere jokatzeko erak asko lagun gaitzakeela uste dut. Ligan asko haz daitekeela uste dut eta hogei urtez azpiko Mundialean eta Hego Ameriketako txapelketan erakutsitako dohain guztiak ondo gara ditzakeela iruditzen zait», azaldu zuen teknikari gorritxoak.

Horren gaztea izaki, eta bere kirol ibilbideko lehen kontratu profesionala sinatuko duela jakinda, oraindik ez dute argi Medinak lehen taldean jokatuko duen edo beste talde batera utzita joango den. Horren inguruan galdetuta, Lorenzok dena jokalariaren esku egongo dela azaldu zuen. «Ezagutzen ez duen txapelketa batera dator eta garrantzitsuena aldagelara, hirira eta entrenamenduetara ondo egokitzea izango da. Bere esku egongo da lehen taldean geratzea», argitu zuen. Hori bai, gainontzeko jokalariekin gertatzen den bezala, Kuko Ziganda entrenatzaileak izango du horren inguruko azken hitza.

Jokalariak entrenatzailea konbentzitzeko bere esku dagoen guztia egingo duela ziurtatu zuen eta Osasunara etorri izanagatik oso pozik agertu zen. «Bere indarra eta kemenagatik nabarmentzen den talde bat da Osasuna eta, alde horretatik, antz handia du Txileko Unibertsitatearekin, nire aurreko taldearekin. Talde honetan oso eroso egongo naizelakoan nago eta taldeari gauza onak eman nahi dizkiot. Jokalari bezala hazteko aukera ona izan dezakedalakoan nago eta ea dena ondo irtetzen zaidan», gaineratu zuen.

Hogei urtez azpiko txapelketan Txilerekin hirugarren postuan geratu izana oso pozgarritzat jo zuen eta baliagarri izan dakiokeela uste du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo