GARA > Idatzia > Gutunak

Myriam Goikoetxea Oiartzun

Xanistebanak eta alkohola

Eusko Jaurlaritzaren Droga-mendekotasun gaietarako Zuzendaritzak «Alkoholik adingabekoei? Tantarik ez» kanpaina jarri du martxan, eta Oiartzunen ere bat egin dugu kanpaina horrekin.

Gure herrian, euskal gizartean, edari alkoholdunekin oso toleranteak garela pentsatzen dugu. Gainera, uste dugu helduok ardura handia dugula gai honetan.

Hamaika bider aipatu izan dugu gure gaztetxoek gehiegi edaten dutela, pena dela hain gazteak izan eta jaietan nola ibiltzen diren ikustea... Egia da adingabeko neska-mutil askok gehiegi edaten dutela, bai jaietan, kalean, tabernetan, txosnetan... baita etxeetan ere. Baina egia da, aldi berean, helduok erosi, eman edota saltzen dizkiegula edari alkoholdunak. Eta bigarren egiaz ez dugu hitz egiten edo ez dugu hori ikusi nahi izaten.

Badakigu alkohola edatea helduon eskubideetako bat dela. Baina eskubideen gainetik ardura dugu, gure adingabeko neska-mutilak babesteko ardura, besteak beste.

Xanistebanak heltzear dauden honetan azpimarratu nahi dugu egoera honekin ezin dugula jarraitu eta helduok garela, nahitaez, gaztetxoen erreferenteak.

Horregatik guztiagatik, bihar, larunbata, karpa txuri bat jarriko dugu Madalensoroko parkingean gaueko hamabietan. Bertan, nahi duenak alkoholimetro proba egiteko aukera izango du.

Izan ere, neska edo mutil bat mozkortuta ikusten dugunean, pena sentitzen dugu, eta heldu bat ikusten dugunean, lotsa.

Oharra: alkoholimetroan putz eginez 0,25 baino gehiago ematen baduzu, ondo egon zaitezke festarako, baina gogoratu ezin duzula autoa hartu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo