GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herriko mendi eta hondartzetan ere jokatu ahal izango da uda honetan Euskal Tonbolan

GARA |

Kontseiluak kanpaina berezia abiatu du uda honetan Euskal Tonbolaren inguruan, eta, hala, euskal herritarrok mendian eta hondartzan ere parte hartu ahal izango dugu euskararen aldeko ekimen horretan.

Euro baten truke, autoak, autojiro hegaldiak, home cinema-k eta 42 hazbeteko telebistak eskuratu ahal izango ditu tonbolan parte hartzen duen orok. Izan ere, askoren oporrak orain hasten dira, abuztuarekin batera, eta aurtengo Euskal Tonbolaren helburuetako bat herritik irten eta kostara edo mendira joango diren lagunengana iristea da, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak adierazi duenez.

Urtero, egitasmo ezberdina plazaratzeko helburuarekin, jokoan sartzen diren sariak aldatzen ditu Kontsei- luak, ekimen horren antolatzaileak. «Euskal Tonbola ezaguna da jada euskaldunon artean, baina urtero joko honetan parte hartzen dutenak harritzen saiatu nahi dugu, jokoa gero eta erakargarriago egiteko», adierazi zuen atzo Kontseiluak.

Horiek hala, lehen aipatutakoez gain, beste sari tentagarriak ez dira falta izango aurtengo Euskal Tonbolan, hala nola edonon filmak ikusteko DVD eramangarriak, TDTak, mahai jolasak, eta etxerako DVD irakurgailuak.

Asteburuak Pirinioetan

Ukigarriak diren sariez gain, Euskal Tonbolak bestelakoak ere eskaintzen ditu, adibidez, bi lagunentzako afariak Argiñano sukaldari ezagunaren jatetxean, Iruñeko Planetariumerako sarrerak edo Pirinioetan asteburua igarotzeko aukera zortzi lagunentzat.

Euskal Tonbola Kontseiluak abiarazitako ekimena da, eta euskaren bultzada eta jolasa uztartzen ditu. Euskal herritarron artean arrakasta izan du. Horiek hala, iragan urtean ehunka mila lagunek hartu zuten parte egitasmo horretan.

Aurten, Gipuzkoan hasiko du Euskal Tonbolak ibilbidea, eta Bizkaian egingo ditu ondorengo urratsak. Nafarroan, Araban eta Ipar Euskal Herrian ere bere tartea izango du ekimenak.

«Joko honen bitartez erraza da lagun artean ongi pasatu eta, bide batez, euskararen sustapenari laguntzea», nabarmendu du Kontseiluak. Txartelak taberna, okindegi eta janari dendetan egongo dira salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo