GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berako plaza betearen aitzinean bota zuen suziria Manttale taldeak

Atzo hasi ziren Berako bestak, aitzinean plaza betea zela udaletxetik botatako suziriarekin. Manttale mendi-lasterketa taldea izan zen horren arduraduna, joan den urtarrilean mendian zendu ziren beratarrek bultzatutako taldea, hain zuzen ere. Berria da, bertzalde, ezker abertzalea dagoela berriz ere udaletxeko agintean, eta Josu Iratzoki gaztea da bertako alkatea.

p023_f02_199x137.jpg

GARA |

Berako besten hasiera bertatik bertara bizitu ahal izateko hainbertze herritar bildu ziren atzo Udaletxeko Plazan. 12.00ak aldera, suziria botatzeko esperoan, plaza eta ondoan dagoen elizako txokoak gainezka beteak zeuden. Ordu horretan, Manttale mendi-lasterketa taldeko kideek piztu zuten suziria, eta gisa horretan lehertu ziren bortz egunez iraunen duten bestak. Manttale taldea duela urte gutti sortu zen, eta aipatzekoa da joan den urtarrilean Piriniotako Taillon mendian zendu ziren beratarrak izan zirela talde horren sortzaileetakoak.

Behin besta giroa piztuta, Erraldoiek, Buruhaundiek, Ezpelur gaita-jotzaileek eta Beti Alai Txarangak euren ekitaldia hasi zuten plazan, eta herrian barna abiatu ziren bazkaltzeko ordua ailegatu zen arte. Udal Plazatik hainbat herritar Espidobaita-ko elkartera zuzendu ziren «zintzur bustitzea» zegoela eta; presoen eta iheslarien aldeko brindis-arekin egin zuten «zintzur bustitze» hori. Ondotik, herriko koadrila gehienak bezala, bakoitza bere lagunekin elkartu zen bazkaltzera joateko. Arratsaldean «Kukaña» estreinatu zuten, eta 20.00etan Gure Txokoa dantza taldearen emanaldia aurreikusia zegoen Eztegara pilotalekuan. Gaur da bestetako egun nagusia, eta bertzeak bertze, mezaren ondotik Berako Makil Dantzak eta Bordon Dantza izanen dira, txistulariek lagunduta. Segidan Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolarien saioa izanen da, eta arratsaldean zehar, gaita-jotzaileek, dantzariek, Berako Bandak eta Irats musika taldeak herriko karrikak alaitu eta bestaz beteko dituzte.

Bestarako autobusa izanen da

Bortzirietatik Berako bestetara joan nahi dutenak autobusean mugitu ahal izanen dute: «Jaibus» izenez bataiatu dute eta ortziral eta larunbatean Lesakatik 21.00etan eta 23.45etan ateriko da Suhiltzaileen Aparlekutik; Arantzatik 21.45etan eta 00.30etan aparkalekutik; Igantzitik 22.00etan eta 00.45etan Bi-bidetik, eta Etxalartik 22.15 eta 1.00etan Landaburua aintzinetik. Beran Euskalduna jatetxea izanen da geltokia, eta Lesakara 3.45etan eta 6.45etan ateriko da eta gainerako herritara 4.00etan eta 7.00etan. Bi euro kostako da joan-etorria.

Gazteek ere antolatu dute eurentzako bestetako egitaraua

Berako Gazte Asanbladak eta Kaxerna gaztetxeak ere prestatu dute aurtengo bestetako egitaraua. Atzo 20.00etan txosnen irekiera egin zuten txalaparta eta bertsolariekin, eta «galtzontzilo eta kulero lasterketa» egitekoa zen 2.00etan. Gaur arratsaldean Etxerat-en presoen aldeko kalejiran parte hartuko dute, eta ondotik kukainako «bizi-saltoa» eta txapel jaurtiketa eginen dira. 2.00etan, herriko makil dantza izanen da. Bihar dute egun nagusia: Kaxerna gaztetxean bazkaria eginen da, Sarako, Bortzirietako eta Baztango herritarrak (100 inguru) espero dira, eta gero Xabier Silveira, Ministro, Unai Muñoa eta Alaia Martin bertsolarien saioa. Besta hauetarako bildu den Kaxerna fanfarreak alaituko du giroa; gauean, berriz, irrintzi-lehiaketak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo