GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Finalak

Euskal Herriko bi txapel erabakiko dira Gasteizko festetako jaialdietan

J.L. | BAIONA

Iruñean izaten den moduan, Gasteizko festetan ere egunero izaten dira herri kirolak, eta aurten ere ez dute hutsik egingo Foruen Plazan. Egunero 12.00etan hasiko dira.

Jaialdi horien barruan bi txapel banatuko dira: Euskal Herriko Bigarren Mailako aizkolariena eta harri txikien Euskal Herrikoa.

Aizkoran, etzi jokatuko dute kanporaketa, eta bertan honako hauek lehiatuko dira: Zubiaga, Etxebeste, Mujika, Elorriaga, Ugarteburu, Telletxea, Erdozia, Senosiain II.a, Rekondo, Kañamares eta Belarra. Aizkolari bakoitzak hiru kana-erdiko, 60 ontzako bat eta oinbiko bat moztu beharko ditu. Azkeneko bi sailkatuek datorren urtean Hirugarren Mailan aritu beharko dute, eta lehenengo seiek finala jokatzeko txartela lortuko dute. Finala datorren ostegunean jokatuko da Gasteizen bertan. Orduan, aizkolariek bina kana-erdiko, 60 ontzako eta oinbiko moztu beharko dituzte.

Asteartean, berriz, Euskal Herriko harri-jasotzaileen harri txikietako finala jokatuko dute. Bertan, Agirre, Uriarte, Ostolatza, Irigoien, Izeta III.a, Izeta IV.a eta Eizmendi neurtuko dira. Aimar Ostolatza izango da txapela lortzeko faboritoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo