GARA > Idatzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Hemen eragotzi han inposatua

Zeraren zera zeraren zeragaz zertu zan entzun nion aspaldiko egun batean agure bati, Arratiatik ibilaldian nintzela, mendiko bidegurutze batean beste agure batekin berbetan zela. Jakina, esaldi hori baino ez nuenez entzun, enteratu ere ez nintzen egin zertaz ari ziren agureok: euriborraz ala Zisjordaniako gobernu-osaketaz. Elkarrizketa oso baten zati motz bat baino ez entzun izanaren halabeharrezko ondorioa. Esaldi hori bere horretan ez dago ulertzerik zer guztiak eta zertu aditza bera ere egoki zehaztu arte. Antzeko zer edo zer gertatu da jeltzaleen alderdiak egunotan batzokietan banatu omen duen dokumentu irrati-telebisatuarekin; hutsune gehiago ditu beteak baino, hodei gehiago ostarteak baino, errima gehiago erritmoa baino. Tira, jeltzaleen estilo zaharberritua. San Inazio egunean dute horiek alderdiaren urteurrena ospatzen, eta azken urteotan legez aurten ere eskaintzan etorri zaizkie afiliatuei. 1x2ko ofertan hain zuzen, alderdi bat ikuspegi bi, mintzaira bi behinik behin, baina, hori bai, alderdi bat, bakarra eta librea. Jauntxoak eta lege zatarrak lelopeko alderdia. Bai, zehaztu beharra dago, behingoz! Nork-nori-zer-noiz-zelan! Presarik gabe baina pausa barik, zehaztu, demontre! Enteratzeko eskubidea giza-eskubideen artekoa baita!

Horra urteetan Ipar Irlandako auzo askotako hormatzarrek dohainik erakutsi duten leloa: time to go!, hau da, alde egiteko garaia heldu da! eskuineko uhartetik joandako soldaduei zuzenean zuzenduta. Denbora luzea joan da, su-etenak eta su-etenen etenak ere, aldizka, hitzak eta leherketak bezala, baina azkenean time to go hori heldu da, eta erreginaren zerbitzariak petateak egiten hasi dira. Loiolako santutegiko solasaldiek Stormonteko jauregiko konpromisoekin zerikusi gutxi izan duten seinale. Zehaztugabearen ondorioa; zeraren zera zeraren zeragaz zertu ez izanaren hurrengoa. Eta bitartean hemen time to remain, bertan segitzeko garaia. No imponer, no impedir filosofiaren gauzapena ikusteko beste parada bat izan dugu egunotan. Ez eragotzi hemen Madrilek inposatua. Piper-potoa inposatu dute, berriro ere, hemengo masta guztietan, ikurrina edo arrano beltza izan edo ez izan, piper-potoa han, handiagoa, altuagoa, ageriagoa. Eta Nafarroan armadako artzapezpikua, hori dok/n eta! Nazkatik nazkara. Artzak bizi bitez! Hirietan ere! Eta lagundu gaitzatela hemen eragozten handik inposatua. Behin betiko, demontre!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo