GARA > Idatzia > Euskal Herria

Suziriarekin batera oihu bat lehertu da Etxarri Aranatzen: «Hau ez da demokrazia!»

Etxarriarrek bost zinegotzi eman zizkioten EAE-ANVri maiatzean, baina NaBai bakarrik dago udaletxean: sei eserleku ditu eta ez dizkio alderdi ekintzaileari gainerako bostak utzi. Tentsioa izan zen txupinazoan.

GARA |

Herritarrak besta egiteko gogoz daude Etxarri Aranatzen, egunerokotasuna alde batera utzi eta familiarekin eta lagunekin une berezi hauetaz gozatzeko irrikatzen. Horrek ez du erran nahi, ordea, jaietan arazoak islatzen ez direnik. Azken urteetan ezker abertzalea izan da gidari Uda- lean, eta orain erakundetik kanpo dago, nahiz eta azken hauteskundeetan etxarriarrek EAE-ANVri bost zinegotzi eman. Hamaika aulkietatik sei Nafarroa Bairenak dira eta gainerakoak hutsik daude. Koalizioak ez ditu beretzat hartu, baina ez die ekintzaileei esertzen utzi.

Horregatik, Maider Goñi alkate berriak garrasi artean bota zuen atzo eguerdian txupinazoa. «Hau ez da demokrazia!», «Demokrazia Euskal Herriarentzat!» eta antzeko oihuak entzun ziren ozenki NaBaiko sei zinegotziek suziriak piztu zi- tuztenean. Udalaren egoera salatu zutenen artean zeuden EAE-ANVko bost zinegotziak, leku eske, protesta egiteko kartelekin eta kamisetekin. Tentsio dezente izan zela adierazi zuten herritarrek.

Txupinazoaren ondotik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bazkaria egin zuen eta arratsaldean senideak omendu zituen, Preso eta Iheslarien Eguna baitzen. Zortzi eta erdietan manifestazioa izan zen «Bautista etxera. Euskal Presoak Euskal Herrira eskubide guztien jabe» lelopean.

Gainera, aurten ezker abertzaleak karpa prestatu du egunero 120 laguni afaltzen emateko. Ez dira nolanahiko otorduak, kultur ekitaldiek lagundutakoak baino. Atzo Oskar Estangak euskal kantak kantatu zituen eta gaur trikitilariak arituko dira afalondoa girotzen. Lapurdiko Lagunak abeslariak, Xabier Silveira eta Iker Zubeldia bertsolariak, Fermin Balentzia kantaria eta «Piano bat bertsotan» emanaldia izanen dira gozagarri hurrengo egunetan karpan.

Zazpi eguneko jaia

Parrandarako eta aldarrikapenerako aukera ugari dute etxarriarrek, zazpi eguneko jaietan egitarau potolo-potoloa dutelako. Gaur, errate baterako, Yerri Dixleland Band taldearen musika emanaldia izanen da eguerdian, eta Gogo Katxarroak haurrentzako jolasak arratsaldeko bost eta erdietan. Geroago, zazpietan, herri kirolak izanen dira: Jimenez-Katxo, Goizeder-Dorronsoro, Larretxea-Lopez eta Olasagasti-Nazabal bikoteak arituko dira, baita Aitor Oiarbide harrijasotzailea ere.

Gaztetxean, saiheski-jatea eginen dute zortzietan, eta hamaiketan, Segala, talde sorpresa eta DJ Aiert izanen dira bestalarien alaigarri.

Biharko, berriz, koadrilen jaitsiera dago iragarrita, baita Kontsekuentzia eta La Bety Travan taldeen kontzertuak eta karaokea ere. Haurren Eguna denez, jolas parkea prestatuko dute eta Txu-txu trena ibiliko da herrian bueltaka.

Txapeldun txakur erakusketa, playback lehiaketa, Drindotsen kontzertua eta diskoteka mugikorra ere iragarrita daude, bertzeren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo