GARA > Idatzia > Arrauna

San Miguel Liga

Denboraldiko laugarren garaipena Urdaibairentzat

Ondarroako ontziak ez zuen arazo larririk izan Txingudiko badian eta bere nagusitasuna erakutsi zuen

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Dirudienez, Urdaibai geldiezina da aurten. Denboraldi honetan ohiko bilakatu den moduan, Bermeoko ontziak garaipena lortu zuen atzoko Hondarribiko XX. Ikurrinan. Bost segundo atera zizkion Pedreñari, bigarrena atzoko jardunaldian.

Hirugarren txanda, Urdaibai, Orio, Castro eta Hondarribiarekin, erritmo bizian hasi zen. Aurreko probetan eta sailkapen nagusian begiratuz gero, bazirudien Urdaibairen eta Orioren arteko lehia ikusi ahal izango zela Txingudiko badian. Baina talde lehiakor bat agertu zitzaien, Pedreña, alegia. Kantabriarrak izan ziren bigarren Zarautz, Laredo eta San Pedrorekin batera, bigarren txandan.

Lehen ziabogan lau segundoko aldea zuen jadanik Urdaibaik Oriorekiko. Dena den, aipatu beharra dago lehenengo luze horretan lau ontziak oso distantzia txikia zutela beren artean. Momentu horretan, bai garaileak eta bai Oriok, Castrok eta Hondarribiak ere aukera berbera zuten ikurrina irabazteko.

Gauzak horrela, Asier Zurinagak gidatzen zuen ontzia, Urdabai, alegia, pixkanaka distantzia handituz joan zen Hondarribiko uretan. Estropada lau taldeen artean zegoen oraindik, baina bigarren ziabogara iristean Ondarroako ontziak besteekiko lortu zuen distantzia handituz joan zen. Hala, bigarren ziaboga horretan segundo bat gehiago gehitu zuen Oriorekiko.

Atzetik zetozen ontziek ez zuten distantzia gehiago galdu nahi eta Hondarribia Orio baino finago aritu zen ziabogan. Castro pasa zen laugarren bigarren ziaboga horretan.

Azken luzea

Hirugarren ziabogan bakoitzaren indarrak zeintzuk ziren ikusi ahal izan zuten. Urdaibaik hortzak estutu behar izan zituen azken metroetan Pedreñaren aurretik gelditzeko. Azken metroak lehiakorrak izan ziren arraunean zebilen taldearen eta jada bere lana egina zuen beste baten artean. Atzetik, ordea, txandako hirugarren postua ziurtatzeko lehiatu egin ziren Hondarribia eta Castro, eta Gipuzkoako ontzia izan zen lehiaren garaile.

«Irabazi ezean, ea puntu bakarra galtzen dugun»

Atzoko estropadan Urdaibairen eta Orioren arteko lehia bizia espero zen, baina Ondarroako ontziak ez zuen aukerarik eman hasieratik. Orioko prestatzailearen hitzetan, «ezin bada irabazi, behintzat ea bigarren postua lortzen dugun. Ea puntu bakarra galtzen dugun». Hain zuzen ere, denboraldi honetan oso indartsu dabiltza gipuzkoarrak eta bizkaitarrak. Atzo, ordea, ez zen lehiakortasun hori ikusi Txingudiko badian, nahiz eta denek ahal zuten guztia eman.

Beste alde batetik, sailkapen nagusiari begiratu zion Castroko prestatzaile Juan Mari Etxabek: «Lau talde gaude hor gertu lehiatzen eta borrokatu behar da». Hondarribiko prestatzailea ere denboraldi honen inguruan aritu zen. «Liga oso gogorra dago aurten. Orio eta Urdaibai oso gogor hasi dira», adierazi zuen. «Oso estropada politak egin ditugu, baina oso garesti dago dena», gehitu zuen. I.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo