GARA > Idatzia > Euskal Herria

PSOEk eta EAJk «gudaren alde egitea» gaitzetsi dute

PSEko kide Rodolfo Aresek eta PSOEko presidente espainol ohi Felipe Gonzalezek azken egunotan EAJ goraipatuz egindako adierazpenen harira, ezker abertzaleak gogor gaitzetsi du bi alderdiok, PSOEk eta EAJk, konponbideari ateak ixtea eta gatazka luzatzearen alde egitea.

p012_f02.jpg

DONOSTIA

Azken egunotan, PSOEko hainbat agintarik EAJren alde eta bereziki haren presidente Josu Jon Imazen alde adierazpenak egin dituzte. Horrek PSOEk eta EAJk orain artean eta prozesu politikoan izan duten jarrera agerian uzten duela salatu zuen ezker abertzaleak. «Bi alderdion lehentasunak, 30 urte geroago, berberak dira, eta ez dute zer ikusirik gatazka konpontzeko herri honek duen beharrarekin», adierazi du.

PSEko bozeramaile Rodolfo Aresek joan den astean esan zuen EAJk proposamen «errealista eta bideragarria» eginez gero, hiru herrialdeetarako estatutu berri bat egitea «posible» ikusten duela. Igandean, berriz, PSOEko presidente espainol ohi Felipe Gonzalezek ondokoa esan zuen: «Euskal Herriari gertatu zaion gauzarik onenak Josu Jon Imaz du izena».

Adierazpen horien karietara, ezker abertzaleak esan du: «Bi esaldi labur horiek ederki asko laburbiltzen dute egungo PSOEren eta EAJren arteko `idilioa'. Bi alderdiok eskutik doaz herri honi inposatu nahi dioten beste iruzur baten aurrean». Are gehiago, ezker abertzalearen ustez, Aresen eta Gonzalezen hitz horiek ongi baino hobeki islatzen dute alderdiok prozesuan izandako jarrera: gatazkaren konponbideari ateak ixtea eta gatazka luzatzearen alde egitea.

Aresen hitzek, mugimendu independentistaren ustez, argi erakusten dute PSOE ez dagoela prest euskal herritarren erabakitzeko eskubidea errespetatzeko. Berriro ere «ukazioa eta zatiketa» besterik ez diotela eskainiko Euskal Herriari esan, eta horretan EAJ bidelagun «leial» izatea gogor gaitzetsi du.

«Gatazka ondo itxi eta marko demokratikoa eraikitzeko herri honetan sustraitua dagoen beharra alboratu eta nahiago dute egungo markoa kudeatzen jarraitu eta iruzur gehiago prestatu», adierazi du.

EAJk azkenaldian egindako adierazpenak ere ildo horretan doazelakoan dago ezker abertzalea, eta «horregatik jasotzen ditu laudorioak GALen sortzaile izan zenaren ahotik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo