Arraunlarien sufrimendua, zaleen gozamena
Unai ARTETXE
Sentimendu kontrajarri ugari sortarazten dit arraunak. Berehala pasa naiteke alai egotetik goibeltasunera, eta alderantziz. Eta itsasoan garailea erabakitzeko lehietan gertatzen den bezala, batetik bestera pasatzeko ehuneneko batzuk besterik ez ditut behar horretarako. Arraunlariei gertatzen zaien moduan, alegia.
Joan den astean, arraunzale batekin hizketan ari nintzela, nire gogoko taldea zein ote zen galdetu zidan. Aspaldiko zalantza zela aitortu zidan, egunkari honetan arraunari buruz idazten nuen garaietakoa. Nire kroniketan faboritismo ukiturik ez zuela inoiz topatu azaldu zidan. Nik barre egin nion, guztiz objektiboa den inor ezagu- tzen ez dudala esanez. Baina tira, nora iritsi nahi zuen ere pentsatu nuen.
Izan ere, nire ustezko objektibotasun horrek bere arrazoia badu. Kostakoa ez naizela, alegia. Eta trainerua duen hurbileko herria kilometro dezentera dudala. Arrazoi horregatik pasa naiteke hain azkar alaitasunetik tristurara. Horregatik poztu naiteke Urdaibairen garaipenarekin edo Zarauzkoarekin, eta konpartitu dezaket Pedreñakoen edo Hondarribikoen pena.
Gogoko talderik ez izanda ere, arraunlari guzti-guztien sentimenduak nireak balira bezala sentitzen ditudalako. Ez dagoelako arrauna baino kirol sakrifikatuagorik. Negu guztian egindako entrenamendu saio gogorrak, estropada baten ostean dutxa hotza hartu behar izatea, entrenatzeko fundamentozko lokalik ere ez izatea... hainbeste gauza dira.
Garaipenak iristen direnean, une txar horiek guztiak ehunenekoetan ahazten dira. Irabazlearengandik ehuneneko gutxi batzuetara sailkatzean, gehiago kostatzen da. Eta sailkapenean azkenengo postuetatik atera ezinik dauden horientzat, are gehiago. Horregatik, zuoi guztioi, animo eta segi lanean! Zuen sufrimendua eta lana, zaleon gozamenerako da-eta!