GARA > Idatzia > Gaurkoa

Martin Aranburu Carrera politologoa

Katalunia, adibide bat

Katalunian ari naiz egun batzuk pasatzen. Ustez, herri moderno eta aurreratua. Indargune ekonomikoa, Europar mailako hirigune boteretsuenetarikoa dute hemen, garapen industrial handiko herri baten epizentru ekonomiko eta soziala dena. Ezer gutxi daukat azaldu beharra. Halere, azkenaldian aztoratu samar dabil hemengo jendea, aspaldian, Europa baino gehiago hirugarren munduko estatu bat baitirudi: tren zerbitzurik gabe, elektrizitatea galduta egunetan, euri zaparradak jasan ezin dituzten azpiegiturak, hirurogeita hamar kilometroko ilarak sortzen dituzten autopista garestiak, osasun zerbitzu publiko kolapsatua, enpresen deslokalizazio amaigabea...

Euskal Herritik honen guztiaren berri dakizue. Eta jakin ere badakizue Kataluniako kudeaketa politikoa egiten duen alderdi nagusia zein den: PSOE. Izan ere, jasanezin bihurtzen ari den egoera honen erantzuleak topatzea ez da nire ardura; aldiz, nire ingurua patxadaz aztertzeko aukera izateak PSOEren inguruko hausnarketa bat sortarazi dit barrenean.

Espainiako Gobernuaren ardura nagusia izanik, Kataluniako hirukoaren alderdi garrantzitsuena ere bada. Duintasun pixka bat izanik, arduraren bat bere buruaren gain hartzea ere ez litzateke oso harrigarria izango; izan ere, ukaezina baita arazoen kudeaketan boterean dagoen alderdiaren nolabaiteko ardura. Ez pentsa, ordea, autokritikarik egin dutenik, edo egoeraren konpoketa bere arduretan txertatzen dutenik. Ezta gutxiagorik ere. Bere erantzun bakarra elektoralismoa da. Beste ezer ez. Hemen inguruan ikusten ditudan arazoen ardura beti besteena da, gaur CiUrena, bihar PPrena. PSOEk ez du sekula ardurarik. Are gutxiago errurik.

Politika ulertzeko modu baten ondorioa baino ez da ekinbide hori. Euskal Herrian berdin- berdin dugu ikusgai. Hortxe gure anaia zaharraren kasua. Elektoralismoak eragindako estrategia baten zerbitzura ez da bakarrik Nafarroako PSOE erabiltzen, beharra izanez gero, nafarren eta ustez nafarrek zuten aldaketarako beharra ere estrategia horren zerbitzura jartzen da. Gainontzekoak ez du garrantzirik. Katalunian ardurarik ez, Nafarroan arriskurik ez. Batean zein bestean izandako jarrerek galdera sinple eta gogor batera eraman dute neure burua halabeharrez: Zer da bada PSOEk aportatzen duena?

PSOE kudeatzen duten buru politiko batzuk psikologo argentinar baten besaulkian jarri beharreko kasua dira. Zinez diotsuet. Munduan norbere lekua topatu beharrean dagoen pertsona galdua bailiran. Berdin-berdin. Teoria eta praktika uztartu ezin direneko borroka konstantean, teoriak sostengua ematen dielarik, eta, ordea, praktikak sostengu hori galarazten dielarik. Espainiako gainontzeko alderdiek ez duten ikuspegi propio bat dute teorian, helburu propio eta berezko ekinbideekin. Politikan teoria egiteak izaten du, ordea, arrisku txiki bat: egunen batean teoria hori aplikatzeko unea heltzeko arriskua, hain zuzen. Une hori helduta, irabazita duen hautesleari baino irabazteke duen hautesleari so egiten dio. Esandakoak ahaztuz, komeni direnak egiten ditu, eta politika epe motzeko kalkuloaren zientzia bihurtzen du.

Katalunia eta Nafarroa dira esaten ari naizenaren adibide garbiak. Kataluniaren kasuan, ERC eta Iniciativarekin batera epealdi itxaropentsu bati ekin zioten, CiUren monopolioa alde batera utzi eta pujolismoak ordezkatutako estrategia makiabeliko eta paktista alboratuz. Diskurtso ederra eta itxaropen handiak. Aldaketaren garaiak omen zetozen. Aldaketak heldu dira, bai: ordezkari politikoek kobratzen dituzten soldaten aldaketa (goraka noski), dagoen Estatutua Auzitegi Konstituzionalean egotea, Bartzelona eta Madrilen arteko loturak areagotzea (TAV adibidez), katalana larri-larri hitz egiten duen presidentea, Valentzian TV3 ikustearen truk Pais Valencià izena alboratzea eta Comunitat Valenciana deituraren orokortzea, Espainiako armadak hornitutako elektrizitatea Bartzelonan, eta abar luze-luze bat. Horixe izan da PSOE Katalunian. A zer balantzea.

Nafarroako kasua Kataluniarekin hasitako prozesuaren beste urrats bat baino ez da. Katalunian kontrako iritziak zituzten PSCko kideen sostengua lortzeko saiakera gogorrak egin badituzte ere, Nafarroan ez dago horretarako beharrik. Bertakoen iritzia zapaldu beharra baldin badago, zapaldu eta kito. PSOE-ren zerbitzura dena eta denek.

Norbere etxeko iritiziak errespetatzeko gai ez dena noiz izango da, bada, gai herri baten borondatea errespetatzeko? Ireki ditzagun begiak. Ez dago itxaropenik sozialistekin. Bere burua ezagutzen ez duenak ezin du inoren gidaritza asumitu. Are eta gutxiago edozein gizarterena.

Gaur trena dut hartu beharra. Liburutegiko alerik potoloena hartu dut. Badaezpada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo