GARA > Idatzia > Kultura

Irikaitzen, Euskal Herriko giza aztarnarik zaharrenen bila

Udaro bezala, Aranzadi elkarteko arkeologoek Irikaitzen induskatzeari ekin diote, Euskal Herrian orain arte aurkitutako gizaki-aztarnarik zaharrenen bila. Zestoako paraje hartan orain dela 150.000 eta 250.000 urte bitarteko tresna asko eta asko bildu dituzte.

p049_f02_097x160.jpg

Martin ANSO | ZESTOA

Azken bederatzi urteotan bezala, aurten ere, udarekin batera, lanari lotu zaio Aranzadi Irikaitzen. Hor, Behe Paleolitoko tresna asko eta asko bildu dituzte. «Gure aurrekoek orain dela 150.000 eta 250.000 urte bitartean landutakoak dira», argitu du Alvaro Arrizabalaga indusketaburuak.

Uztailaren 30ean hasi ziren eta abuztuaren 17a arte arituko dira Zestoako bainuetxetik eta herritik beretik oso gertu dagoen paraje horretan. Guztira, hogei bat lagun dira, gehienak EHUko irakasle eta ikasleak, baina Kanariar uharteetatik, Madrildik edota Oviedotik etorri denik ere bada. Are gehiago, irakasle bat AEBetako George Washington Unibertsitatekoa da eta indusketa-taldeko beste kide bat, Indiakoa. Izan ere, Irikaitzekoa ez da nolanahiko aztarnategia eta jakin-min handia piztu du, baita Euskal Herriko mugetatik kanpo ere.

Horri dagokionez, zera nabarmendu du Arrizabalagak: «Irikaitzekoak, Arrasateko Leze Txikikoekin batera, Euskal Herrian ezagutzen ditugun gizakien aztarnarik zaharrenak dira, baina, horrez gain, Penintsula Iberiar osoan ere oso gutxi dira horrelako lekuak».

Homo Heidelbergensis

Irikaitzen, Cro-Magnongo gizakiak -«guk, nolabait esateko»- Gravet aldian, hau da, duela 25.000 edo 27.000 urte, landutako zulagailu, gezi-punta eta beste hainbat tresna aurkitu dituzte. «Gehienbat suharrizko piezak dira, sarri, oso ikusgarriak». Baina Gravet aldiko aztarnategi-zatia garrantzitsua bada ere, Irikaitzi «apartekotasuna» ematen diona Behe Paleolitoko aurkikuntzak dira. Horiek ere, funtsean, tresnak dira (zoritxarrez, denboraren eta lurraren garratzaren ondorioz, ez dute hezurrik aurkitu), baina tresna horiek ez zituen Cro-Magnonek egin, Homo Heidelbergensis delakoak baizik, hots, duela 150.000 urte inguru, Cro-Magnon eta are Neanderthal aurretik ere Europan bizi izan zen gizaki batek.

Alde ederra dago Gravet aldiko (eta ondorengo) tresnen eta Behe Paleolitokoen artean. Gravet aldikoak oso ondo landuta daude. Behe Paleolitokoak, aldiz, oso arkaikoak dira. «Garai hartako gizakiek errekatik zekartzaten komeni zitzaizkien harriak, eta, gero, oso modu traketsean lantzen zituzten. Batez ere ahoak lortu nahi zituzten, eta, Gravet aldian ez bezala, antzeko tresnez baliatzen ziren ia edozer egiteko, bai adar bat mozteko bai larrua lantzeko», ohartarazi du indusketaburuak.

Lehengaiak ere desberdinak dira. Gravet aldian-eta suharriak-eta erabili zituzten; Behe Paleolitoan, aldiz, sumendi-harriez ere baliatu ziren. «Euskal Herriko historia geologikoan vulcanismo gutxi dago, baina egon badago. Behe Paleolitoko gizaki haiek errekan sumendi-harriak aurkitu eta horiek ere landu zituzten. Egungo ikuspuntutik exotiko eta guzti iruditzen zaigu».

Irikaitzen, tresnak ez ezik, Behe Paleolitoko polen-ale, hazi eta antzeko material ugari ere aurkitu dute. Horri esker, garai hartako landaretza nolakoa zen eta, ondorioz, gutxi gorabehera nolako fauna zegoen jakin ahal izango dute. Zertxobait aurreratu du Arrizabalagak: «Hurritz, haritz eta pago-lizar ugari zegoen; klima, berriz, egungoa baino epelagoa eta hezeagoa zen».

Irikaitzeko aztarnategiak, gutxienez, zortzi hektarea ditu. Espazio horretan, ehunka, milaka urtetan seguru asko, hainbat gizaki taldek ezarri zituzten kanpalekuak. «Txikiak ziren, bost bat metro erradiokoak, baina, denboraren poderioz, ehunka, milaka ezarri ziren leku berean. Izugarria da Irikaitzen dagoen aztarna-dentsitatea».

Horren lekuko da egunotan arkeologoak induskatzen ari diren eremua. «Hemen -seinalatu du Arrizabalagak- tresna lantoki bat ezarri zuten. Lanketa fase guztiak dokumentatzeko moduko material ugari aurkitzen ari gara; etengabe, gainera. Kanpainan zehar, batez beste 3.000 edo 4.000 harri bilduko ditugu, eta, gero, laborategian, horietako asko eta asko tresnak direla egiaztatu ahal izango dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo