GARA > Idatzia > Kultura

Mauleko gazteluaren historiari errepasoa egingo diote «Herria» ikusgarriaren bidez

Mauleko zein Zuberoako historiaren ikur den gazteluari buruzko obra estreinatuko dute gaur eta bihar, «Herria» izenburupean. Allende Etxartek euskaratutako testu batzuetatik abiatuz, gazteluaren eraikuntzatik Matalasen heriotzarainoko ibilbidea «euskaldunon ikuspuntutik» aztertzea proposatu dute, agertoki gisara Mauleko gaztelua bera hartuta. Partaide kopuruari erreparatuta, obra ikusteko aukera bakarra izango dela azaldu dute.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Denboran atzera egin eta historian zehar Mauleko gazteluan jazo diren gertaerei begirada ematea proposatzen du Zuberoako hainbat talderen ekimenez egindako «Herriak» ikuskizunak -gidaritza sortu berria den La Dame de Chateau elkarteak eraman badu ere, Maule inguruko talde ugariren elkarlanarekin sortu da-. Horrenbestez, zaldizko gerlariak, soldaduak, azoka, musikariak eta suzko efektuak nagusituko dira gaur eta bihar gazteluan eta, Allande Etxarten ekimenez, Zuberoako hiriburuko historia ikuspegi berriarekin ezagutzeko parada izango da.

Etxartek kontatu duenez, Maulen historia irakasle den lagun batek eskuartean zuen testu-sorta itzuli du euskarara, eta liburuxka osatu ostean -Elkarrek 5 euroko salneurrian banatuko du-, historia eszenara eramateko ideia heldu zen. Estatu frantseseko museo eta artxibategietan zeuden testu horietan euskaldunak «gaizki ikusiak» zirela nabarmendu du Etxartek. Horregatik, bere asmoa historia «gure ikuspegitik» azaltzea izan da: «Fede txarrekoak bezala agertzen gara. Gerla idatziak dira, euskaldunak Frantziako talde batzuen kontra borrokatzen baikinen orduan. Nik erran nuen hori zuzendu egin behar zela, jasotzen dena frantsesek etsaietaz mintzatzen zirenean idazten zutena baita. Diskurtsoa ez zen horrela erabili behar eta, euskaratzean, idatziak pixka bat aldatu dira, erakusteko edo azaltzeko hemengo euskaldunen ikuspegia».

Idatzi horietatik abiatuta osatu dute «Herria» ikuskizuna. Guztira, bederatzi akta edo ateraldi ditu, horietako bakoitza Mauleko gazteluaren garai zehatz batean kokatutakoa. Gisa horretan, gazteluaren historiari errepasoa egin zaio, eraikitze urtetik hasi eta Matalasen urkatzeraino.

Ezteiak, soldaduak eta azoka

«Elkarrizketa gutxi du testuak, aurkezpenak eta halakoak. Sarrera bat bada, non Aitañik kontatzen dion Peio gazteari nola aipatzen den gaztelua historian». Eszenaratze horretatik abiatuta, «jauregiaren goiko aldean ezteiak, soldaduak, merkatuak eta denetarik itxuratuko dira».

Etxartek azaldutakoaren arabera, Mauleko gaztelua 1120. urtean eraiki zela uste da, zurezko egitura baten gainean harrizko eraikina altxa zenean. Garai hartara atzera eginez aurkeztuko dute lehenengo ateraldia, eta harri-pikatzaileak eta harginak izango dira protagonista nagusi, ingelesen sartzea iritsi artean: «Biarnesen laguntzarekin eskuratu zuten gaztelua, 1261. urtean. Hor bataila bat izan zen eta Ingalaterrako erregeak irabazi zuen. Gero, 1287an, Aragoiko Alfontso Akitaniako Alienorrekin ezkondu zen. Hori ere agertuko dugu ikusgarrian». Tartean, Aragoiko jotak dantzatuko dituzte.

XV. mendeko Mauleko saltoki gunearen garrantziaz jabeturik, merkatua, saltzaileak eta bertan izan ohi ziren mediku eta bestelako langileen zeregina irudikatu eta 1449. urtera egingo dute aurrera: «`Bereterretxeren kanthorian' jasotako hilketa antzeztuko dugu; Beaumonteko kondeak hil zuen Larrainen. Hor kantua emango dute Mauleko emazte talde batek -Kalaka taldeak hain zuzen ere-. Gero, Frantziak eskuratu zuen gaztelua eta, beraz, hor agertuko da beaumontear eta gaskoien kontrako zer edo zer; ingelesak kanporatu eta Akitaniak eskuratuko du gaztelua».

Protestante eta katolikoen arteko erlijio-gudak antzeztu ostean, Matalasen hiltzearekin amaituko da lana. Atal honetarako espresuki, kantu berria sortu dute taldekideek: «Matalasen oihu nagusia zen herria, herria eta herria. Azken kantu honi `Herria' jarri diogu izena, eta hortik sortu da ikusgarria ere hala izendatu izana. Kontatzen da Matalasen tropak nola sartu ziren Maulera. Azkenean, bere hiltzean, gazteluari su ematen zaio».

Suzko efektuak, kantuak, dantza eta zaldizko gerlariak

«Herria» ikusgarria 150 pertsona inguruk eskainiko dute. Mauleko gazteluaren historia kontatzen duen obraren emankizunean inguruko hainbat taldek hartuko dute parte. Besteren artean, herriko zaldi klubekoak ariko dira zaldizko gerlarien papera betetzen, Kalaka emakume elkartea arduratuko da kantuez, dantza taldeak ariko dira eta Suak konpainiak suzko efektuen ardura hartuko du. Eraikinaren ingurua argiz eta kolorez jantziko dute gazteluaren erretzea irudikatzeko eta gudako armen argi-efektuak ere euren esku izango dira. Ikuskizunak eskatzen duen antolaketa tarteko, gaur eta biharko antzezlanen ondotik ez direla gehiago etorriko uste dute antolatzaileek.

A. A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo