Prozesu demokratikoa da lehentasuna
Mauro Bulgarelli senatore italiarrak gertutik jarraitzen du euskal auzia, eta lan eskerga egin du normalizazio eta bake prozesuak Europar Batasunaren babesa izan dezan. Euskal Herrian dugu ordezkari berdea; ez da lehen aldia. Izan ere, bere bisitak badu berezitasun bat. Oraingo honetan ezin izan du ohiko buruz buruko bat izan prozesu politiko horretako parte-hartzaile nagusietariko batekin. Arnaldo Otegirekin elkartu zen senatorea, baina kartzelak ezartzen dituen mugak aintzat hartuta, ezohiko solasaldia izan zuten.
Europar Batasunaren esparru politikoan parekotasunik ez duen kasua da. Azken urteotan askatasunen murrizketa prozesu azkar batean sartuta dago Europa. Hala eta guztiz ere, ekitaldi publiko batean hitza hartzeagatik ez dituzte ordezkari politikoak kartzelatzen. Eskubideen bortxaketan mailak ezartzea komeni ez bada ere -eredu demokratiko batean guztiok izan behar dugu eskubide guztien jabe-, elkarrizketa prozesu batean mintzaide diren kideak atxilotzea ekimen bereziki larria dela adierazi behar da.
Solaskidea kartzelatzeak epe motzeko mendekua asetzeko balio dezake, baina prozesua abiatzeko izan ziren arrazoiek bere baitan jarraitzen dutenez, neurria oztopo bilaka daiteke aurrera begira. Errespetua da auzi politiko honen konponbidearen funtsa: euskal herritarrek erabakitzeko duten eskubidea errespetatzeak ahalbidetuko baitu gatazka gainditzea. Prozesua berriz abiatu beharraz hitz egin zuen Bulgarelli eurodiputatuak. Hartara, prozesuaren bidegarritasuna bermatzeko aldeen arteko errespetu arauak finkatzeak ezinbestekoa dirudi. Prozesua erabakitzailea izateko erasorik gabe egin behar da, baina horretara iristeko oinarrizko berdintasuna bermatu beharra dago. Konponbidea aldarrikatzeak pauso zehatzak ematera behartzen du: hala nola mahaian eseriko diren eragile guztiek askatasunean bere jardun politikoa egin ahal dezaten konpromiso eraginkorrak hartzea.