GARA > Idatzia > Real Sociedad

2007-2008ko denboraldia

Lan saio arina egonaldiko hirugarren egunean

Lehen garaipena eskuratzeko beste aukera bat izango dute gaur arratsaldean De Graafschapen aurka

p039_f01_148x108.jpg

GARA | DOORWERTH

Herbehereetako egonaldiko hirugarren eguna izan zen atzo jokalari txuri-urdinentzako. Aurreko egunean Heraclesen aurka jokatutako partidaren ostean, saio arina izan zuten jokalariek Golden Tulip hoteleko futbol zelaian.

Colemanek bi talde handitan banatu zituen jokalariak, Heraclesen aurka jokatutako denboraren arabera. Minutu gehien jokatu zutenak, Karla Larburu prestatzailearekin batera aritu ziren. Horien artean zeuden Martinez, Labaka, Lopez, Sarasona, Aranburu, Estrada, Stevanovic, Xabi Prieto, Oskitz eta Gari Uranga.

Talde horrek luzatze-ariketak eta futbol partidak egin zituen lan saio arin batean, Doorwertheko zelaian, euri fin baten azpian.

Asteazkeneko partidan jokatzeko aukera gutxien izan zuten jokalariek, aldiz, entrenamendu saio gogorragoa izan zuten. Gerardo, Cifu, Gontxa, Ansotegi, Castillo, Bergara, Rivas, Larrea, Novo, Garitano, Skoubo eta Agirretxe Colemanen eta Keanen aginduetara jardun ziren ordubetez. Jokalari multzo horrek lan taktikoa egin zuen, motzean eginiko paseak eta atera begirako erremateak landuta. Ateen azpian Asier Riesgo eta Claudio Bravo txandaka ibili ziren eta, taldean aritu baino lehenago, entrenamendu berezitua egin zuten.

Arratsaldean jokalariek atseden hartzeko aukera izan zuten. Iluntzean Andreja Delibasic Golden Tulip hotelera heldu zen eta bertan ezagutu zituen bere taldekide berriak.

De Graafschap

Gaur arratsaldean jokatuko du Realak Holandako egonaldiko hirugarren partida. Oraingoan, De Graafschap talde apala izango du aurrean. Gipuzkoako taldea denboraldi-aurre eskasa egiten ari da, eta gaur urteko lehen garaipena lortzeko aukera paregabea izango du.

Partida horretan Andreja Delibasicek debuta egitea espero da. Posible da Morten Skoubok ere debuta egitea gaur, joan den astean Colemanek iragarritakoaren harira. Iñigo Diaz de Zerioren partaidetza, bestalde, zalantzan dago. Aurrelari donostiarrak min hartu zuen belaunean Heraclesen aurka eta ez zen atzo taldearekin aritu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo