Gasteizko Andra Mari Zuriaren torneoko finala
Amaiera oso tristea distira gutxiko ekitaldi batentzat
Partida 21nako berdinketarekin zegoela, Pascualek Goñiri traba egin ziola eskatu zuten urdinek, baina epaileak ez zuen bueltarik eman. Gorriek txistu artean jaso behar izan zituzten garaikurrak.
XALA-GOÑI III
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Amaiera oso tristea izan zuen azken urteetan ikusi dugun distirarik gutxieneko Gasteizko pilota festak. Torneoko finalean, 21nako berdinketarekin, Iñigo Pascualek Fernando Goñiri traba egin ziola eskatu zuen bikote urdinak -baita harmailetan bildutako zale kopuru handi batek ere-, baina epaileak ez zuen buelta eman eta gorriak 22-21 irabazle. Titinek eta Pascualek, laugarren aldiz segidan Gasteizen txapeldun izan arren, «fuera, fuera» eta «así, así, así gana el Madrid» moduko oihuen artean jaso behar izan zituzten garaikurrak. Errepikapena ikusita, erabakia zuzena dela esan daiteke, baina 21nako berdinketarekin hartu izanak sekulako zalaparta sortu zuen pilotalekuan.
«Jokaldia berez buelta ematekoa ote zen ez dakit, baina pixka bat lehenago antzeko jokaldi batean buelta eman badute... Pena da horrela amaitzea, feria guztian epaileek lan oso ona egin dutelako», azaldu zuen Fernando Goñik partida amaieran. Hain zuzen ere, Zubirikoa izan da torneoan bere maila erakutsi duen bakarrenetakoa eta gertatutakoaren aurrean erakutsi zuen kiroltasuna bere aurrean txapela kentzeko modukoa da. Oro har, atzelariek aurrelariek baino askoz maila handiagoa erakutsi dute Gasteizen.
Emozioa, batez ere
Aurreko partida denetan bezalatsu, finalean ere hutsak gehiago izan ziren ongi jotako pilotakadak baino. Batez ere, aurreko koadroetan. Aurreneko lauzpabost tantoak kenduta, Titin tantoa amaitu ezinik ibili zen. Egia da Goñik pilota asko kendu ziola, baina bereziki kamuts aritu zen Triciokoa. Xala ere, oso galtzaile. Tanto eder batzuk egin zituen -14nakoa eskuin boleaz, 18-17koa ezkerrez irekita eta 21-20koa atzean-, baina bere zortzi hutsek bertan behera bota zuten urdinen lana. Pascualek ere asko atzeratu zuen pilota, baina azkenean zazpi pilota galdu zituen. Salbatu zena Goñi izan zen eta tanto eder bat ere egin zuen: 9-8koa, atzera jota.