GARA > Idatzia > Kultura

«Hoffmannen ipuinak»: opera itzuli da Musika Hamabostaldira

Jacques Offenbach (1819-1880) musikagilearen azken obra handia da «Hoffmannen ipuinak»; XIX. mendeko opera handienetako bat, arduradunen esanetan. Opera antzeztua da aurten ere Donostiako Hamabostaldiak egin duen apustuetariko bat. «Erromantizismoa, ironia eta poesia oreka bikainean» aldizkatuta, bihar eta astelehenean emango dute.

p046_f01_203X104.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Kursaal auditoriumean emango dute bihar eta astelehenean, 19.00etan, aurtengo musika jaialdiko bigarren opera antzeztua, Jacques Offenbach-en «Hoffmannen ipuinak» operaren estreinaldia. Koprodukzio bat da, Musika Hamabostaldiak, Kantabriako Jaialdien Jauregiak eta Castell de Peralada Jaialdiak lankidetzan egina.

Musika-zuzendaritzaz David Parry arduratuko da, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak ere parte hartuko du iragan uztailaren 27an estreinatutako lan horretan. Lindsay Kemp-i, duela bi urte «Madama Butterfly» operarekin arrakasta handia izan zuenari, berriz, eszena-zuzendari izatea egokitu zaio oraingoan.

Horiek ez ezik, obraren gaineko zertzelada batzuk azaltzeko oholtzan arituko diren abeslariak ere izan ziren atzo prentsaurrekoan: Aquiles Machado (Hoffmann), Maria Jose Moreno (Olympia), Giuseppina Piunti (Guilietta), Annamaria dell´Oste (Antonia), Felipe Bou (Lindorf/ Coppelius/ Dr. Miracle/ Dapertutto) eta Annie Vavrille (Nicklaus/Musa/Antoniaren amaren ahotsa). Bestalde, koruaren partea Kantabriako Abesbatza Lirikoari dagokio.

Maitasun sutsua, patuak etenda

Jacques Offenbach Alemaniako musikagilea operetaren alorreko «maisu erabatekotzat» hartzen zuten, baina atzo gogorarazi zutenez, obra horrekin iritsi zitzaion egiazko ospea, «XIX. mendeko opera handienetako bat baita».

«Hoffmannen ipuinak» izenak berak iradokitzen duen bezala, E.T.A. Hoffmannen zenbait ipuinetan -«Der Sandmann», «Geschichte von verlorenen Spiegelbide» eta «Rat Krespel»- oinarritzen da. Autorea Alemaniako literatura erromantikoko pertsonaia garrantzitsua eta musikazale amorratua izan zen, prentsaurrekoan gogorarazi zutenez. «Lanak, Hoffmannen ipuinen espirituak kutsaturik, fintasun handiz bateratzen ditu errealitatea eta lilura. Erromantizismoa, ironia eta poesia oreka bikainean aldizkatzen dira opera iradokitzaile honetan», zehaztu zuten.

Taularatuko duten istorioak hiru ekitaldi ditu, sarrera batez eta epilogo batez gainera, eta Hoffmann poetaren eta Stella abeslariaren arteko maitasun sutsua kontatzen du, patuak etengo duena gero.

Atzo jakinarazi zutenez, operak tankera fantastikoa du, eta «Jacques Offenbachen trebetasun melodikoa argi nabarmentzen den une bikainak» ditu. Hirugarren ekitaldiko barkarola famatua, Olympiaren «Les oiseaux dans la charmille» aria, edota Hoffmannen zenbait bakartsaio dira atalik aipagarrienak.

«Egia bihurtutako ametsa»

Lindsay Kemp eszena-zuzendari, koreografo eta aktore britainiarrak esan zuen pertsonalki «egia bihurtutako ametsa» duela obra. Hamahiru urte zituenean sortu zitzaion amets hori, eta ama konbentzitu zuen 1951. urtean Michael Powellek eta Emeri Pressburgerrek sortu zuten «Hoffmannen ipuinak» filma ikustera eraman zezan. Une hura bere bizitzan erabat garrantzitsua izan zela azaldu zuen atzo, gerora beti jarraituko zuen «antzerkiari, operari eta arteari» lotutako «bide berria» ireki baitzion buruan.

Lan-taldeko kide ugarik hartu zuten hitza, eta gehienek ere operan parte hartzearekin pozarren direla nabarmendu zuten.

Adibidez, Venezuelako Aquiles Machado tenor ezagunak uste du obrak «hobea den mundu bat amets egiteko» beta eskainiko diela ikus-entzuleei, bere ustez, poza uste baino gertuago izaten delako. «Nahiko zoroa» den Hoffmanen papera egitea egokitu zaio azken horri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo