Xabier Izaga Irakaslea
Egiaztatu gabe ezin esan
Gasteizko jaietan ikusi ditudan lagun ugarietako biren solasaren pasartetxo bat ekarriko dut hona. Batek loteria begiratu egin behar zuela zioen, eta tokatuz gero... «Diruak ez du zoriontasunik ematen», moztu zion besteak adar soinuan. Berehala erantzun zion lehenengoak: «Nolatan dakizu zuk, ez baituzu egiaztatzeko aukerarik izan?».
Gogora etorri zitzaidan elkarrizketa hori Brasilek aste honetan bi kubatar Habanara deportatu dituela jakin nuenean. Guztiz ulergarria da, tristea izanda ere, sorterria utzi eta bizimodu hobe baten bila abiatzea. Baina dokumentaziorik ez zutenez, Kubara itzuli zituzten. Castroren atzaparretara, zenbaiten arabera. Ahaztu zait esatea bi boxeolari direla, munduko txapeldunak, eta Alemaniako promozio enpresa batek milioi erdi euroko kontratua eskaini ziela.
Nik ez dut bi boxeolari kubatarron gaineko epairik emango, jakina, diruak zorionik ote dakarren ez dakitenetakoa naiz-eta. Baina ondo jakin zezakeen beste boxeolari kubatar batek kasu horretaz esan duenak zer pentsatu eman beharko liguke: bera ere zirikatu zutela orain dela urte asko milioi bat dolar eskainita, baina garrantzitsuago irizten diola bere herrikideek dioten maitasunari, eta mundua leku hobea bihurtzearren lanean diharduten milioika iraultzaileei. Hori nik esango banu, erretorika hutsa baino ez litzateke izango. Adierazpenok egin zituen boxeolaria, ordea, Teofilo Stevenson da, inoizko boxeolaririk handienetakoa; esne-mamitan bizitzea, ondasun materialak, luxua eta erosotasun guztiak baztertu eta bere herriko iraultzaren aldeko lanean segitu zuen gizontzarra.
Ia egunero iristen dira Europara kontinente pobretuetatik bizimodu hobe baten, bizimodu baten bila abiatzen direnak, eta ez datoz milaka euroko kontratuen bila. Haiei inork ez dizkie halako kontratuak eskainiko. Lana bai, eskainiko diete, lan handia, eta baldintza eskasak ere nahi beste. Haietako asko, ilegalak izateagatik, enpresaburu askoren jokaerak bezain ilegalak izateagatik, beren sorterrira itzuliko dituzte. Eta horiena bai zorte ona, Castroren atzaparretara erori gabe.