AIZKORA | Bigarren mailako txapelketako finala
Mujikak garaipena eta lehen mailarako sarrera lortu ditu
Ibarrakoak aurreko igandean aizkolari onenengana heltzeko lehen urratsa egin zuen eta, oraingoan, helburua lortu du Senosiain II.a nafarrarekin batera
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Kirol txapelketa bat egin aurretik beti izaten dira faboritoak. Iragarpenek asko esaten dute kirol munduan. Atzokoa ez zen salbuespena izan. Mujikak, igandean jokatutako kanporaketa irabazi ondoren, atzo Gasteizko Foruen enparantzan izan zen bigarren mailako txapelketako finalean garaipena lortzeko hautagai nagusia zen. Eta ez zuen hutsik egin.
Mujika, sei hautagaien artean gazteena izanda, 22 minutu eta 15 segundoko denbora erabili zuen bi kana-erdiko, 60 ontzako eta bi oinbiko sei enborrak moztu eta beste bost aurkarien aurretik geratzeko.
Bigarren postua Senosiain II.arentzat izan zen. Horrek lehen mailan lehiatzeko aukera galdu zuen iaz, baina onenen artera itzuliko da hurrengo ekitaldian. 22 minutu eta 44 segundo behar izan zituen bigarren postua eskuratzeko. Dena den, gauzak zail jarri zizkion Mujikari. Hasieratik lana emateko prest aritu zen Olagueko gizona. Horrela, lan erdia eginda zutela, hiruzpalau segundoko tartea besterik ez zuen Mujikak Senosiainekiko.
Bosgarren enborrean Ibarrako aizkolariak 16 segundoko tartea zuela, bere arerio nagusiak, Senosiainek, erritmoa jaitsi zuen bigarren postua ziurtatuta baitzuen.
Gauzak horrela, hurrengo urtean lehenengo mailan arituko diren bi aizkolariak Mujika gipuzkoarra eta Senosiain nafarra izango dira, ezbairik gabe eta merezita.
Aurreko postuetan zer gertatzen den adi egoten da jendea normalean, baina atzetik askotan oso lehia biziak eta interesgarriak gertatzen dira. Atzokoa eredu bikaina izan zen. Luis Mari Belarrak hirugarren postua eskuratu nahi zuen nola edo hala. Lehenengo bi enborretan Mujikaren eta Senosiainen pare ibili zen bere aizkorarekin. Hala ere, ezin izan zuen beste bien erritmoa jarraitu eta atzera egin behar izan zuen hirugarren postu horri eutsita. Bere denbora 23 minutu eta 28 segundokoa izan zen.
Ugarteburuk ezustekoa
Beste hiru aizkolarien artean, Etxebestek oso bilakaera ona izan zuen atzoko proban. Nahiko ahul hasi zen, baina behetik gora joan eta laugarren postua lortu zuen 23 minutu eta 41 segundoko denbora eginda.
Eguneko ezustekoa Ugarteburu gipuzkoarrak eman zuen. Igandeko kanporaketan bigarren izan zen Mujikarengandik zazpi segundora, baina Foruen plazan ez zuen bere eguna izan, bere mailatik urrun. Nahi baina ezin; oso lotuta ikusten zitzaion.
Azkeneko postua Kañamaresentzat izan zen. Horrek ez zuen aukerarik izan, izan ere, hasieratik seigarren postu horrretan mantendu baitzen.
Mujikaren ibilbide bikaina
Bigarren mailako txapela lortzea parte-hartzaileen artean gazteena izanda, lehenengo mailarako igoera... Badirudi esfortzurik gabe lortu zuela Mujikak atzo lehen mailarako sarrera. Baina ez. Urte asko darama aizkoran, baina denbora asko eman du burua atera ahal izateko. Hirugarren mailan beti azkenekoen artean ibiltzen zen. Orain dela bi urte irabazi zuen hirugarren mailako txapelketa. Iaz bigarren mailako finalean egon zen eta aurten, atzo, bigarren mailako txapela irabazi zuen eta lehen mailako sarrera lortu. Beraz, hiru urtean bi maila igo ditu Ibarrako aizkolariak.
Giro aldetik, Gasteizko Foruen enparantzako hiru laurdenak bete ziren. Hau da, mila pertsona inguru izan zen Gipuzkoako eta Nafarroako aizkolariak animatzen.