Baionako besten segurtasun bilana
Baionako besten segurtasun sistema goraipatu dute Caron eta Michel-ek
Jean Jacques Caron Baionako suprefeta eta Patrice Michel Baionako auzitegiko prokuradorea pozik agertu ziren atzo Baionako segurtasun bilanarekin. Horien hitzetan, delinkuentzia orokorra %48 murriztu da; arlo guztietan, gainera. Emaitza aurtengo segurtasun neurriei esker lortu dela nabarmendu zuten. Bi bortxaketa salatu dituztela argitu zuen Michelek, eta kasu baten inguruan zalantzak dituela adierazi zuen.
Eneritz ZABALETA | BAIONA
«Besten bilana bikaina izan da. Segurtasun neurriei esker, bestak ederragoak izan daitezen lortu dugu». Horrela hasi zuen, atzo, Baionako festei buruzko adierazpena Jean Jacques Caron Baionako suprefetak. Estatu frantseseko administrazioak harro eta pozik agertu ziren atzo, Baionako bestetako segurtasun bilana aurkeztu zutelarik. Caronen arabera, delinkuentzia kasuak modu «ikusgarrian» murriztu dira aurtengo bestetan, eta, horrez gain, delinkuentzia arlo guztietan jaitsi da.
Iturri ofizialen arabera, aurtengo bestetako delinkuentzia %48 murriztu da iazko jaiekin alderatuta. Aurten 160 kasu zenbatu dituzte; iaz, aldiz, 306 egin zituzten. Gainera, Caronek nabarmendu zuenez, delinkuentzia kasuak arloz arlo murriztu dira. Hala nola iazko bestak aurtengoekin alderatuta, ibilgailuen suntsiketak %58 murriztu dira; ebasketa soilak, %22; bortizkeriarekin egin ebasketak, %46, eta pertsonen aurkako kolpe eta zauriak, %33. Caronek azaldu zuenez, segurtasun indarrek ez zuten estutasun handiegirik izan, kasu batean salbu: «Irteera zailena asteazkenean izan zen. Piloriko iturri gainera bi gaizkile igo, eta bestazaleei teilak jaurtitzen hasi zirelarik. Bestazaleek bi pertsona horiek jipoitzea ekidin zuen CRSk».
Segurtasun neurriak goretsi
Emaitza on horiek, Caron suprefetaren eta Michel prokuradorearen iritziz, aurtengo segurtasun neurri berriei esker lortu dira. «Orain arte, poliziakideak bestaren kanpoaldean gelditzen ziren. Aurten festaren erdian ibili dira, eta horrek erreaktibotasun handiagoa eman die», erran zuen Caronek. Patrice Michel Baionako auzitegiko prokuradoreak azaldu zuen bestazaleek poliziakideak «pozik» ikusi zituztela. Biek adierazi zuten Herriko Etxeak ezarritako bideo kamerek laguntza handia eman zietela segurtasun indarrei.
Errepideen kontrolari dagokionez, aurtengo neurri bereziekin pozik agertu zen Caron. Hark argitu zuenez, 8.600 alkoholemia kontrol egin zituen Jendarmeriak aurtengo bestetan. Horietatik 366 positiboak izan ziren, eta 132 kasutan gidabaimena sei hilabeterako kendu zioten auto gidariari. Elikagaien alorrean, berriz, usteldutako 46 kilo haragi harrapatu zituzten, eta 13 prozedura ireki zituzten karrika saltzaileen aurka.
Patrice Michel prokuradorea neurri judizialarekin pozik agertu zen. «Helburua edozein lege- hausteri berehalako erantzuna ematea izan da, eta ongi bete dugu», azaldu zuen. Michelek argitu zuenez, polizia etxera eraman zituzten 85 pertsonetatik 47k hitzordua dute auzitegira joateko. Beste 38 kasuetan, ikerketek aitzina jarraitzen dutela adierazi zuen. Alkoholemia kasuetan, bi pertsona berehala epaitu zituztela eta odol litroko 0,8 alkohol gramoko muga gainditu zuten guztiak epaituko dituztela zehaztu zuen.
Polemika bortxaketekin
Bestalde, Michelek bi bortxaketaren eta hiru sexu-erasoren salaketa ipini direla zehaztu zuen. Bortxaketa kasu baten gainean zalantzak dituela azaldu zuen, erasoa frogatzeko ezintasunagatik eta biktimaren kontraerranak direla-eta. Baina bortxaketa kasu batek segurtasun neurriak zalantzan jarri ditu. Izan ere, bortxaketa hori herriko etxea eta Baiona Ttipia batzen dituen Mayot zubian gertatu zen, jendea karrikan zegoela eta tabernak zabalik zeudela. Horrez gain, hortik hurbil, Reduit plaza inguruan, CRS konpainia baten patruila zegoen, bai eta segurtasun kamera bat ere. Baina biek ez zuten erasoa ikusi, eta bortxaketa bost bestazaleren esku-sartzeari esker eten zen.
Horiek hala, Caronek «zero arriskua» inoiz ez zegoela adierazi zuen. Michelek erran zuen erasotzaileen jardunbideak (bi erasotzaileek neska atzetik hartu eta txoko ilun batera eraman zuten inor ohartu gabe) poliziakideek esku sartzea ezinezko egin zuela. Dena den, bortxaketa horren inguruan, Michelek eskatu zuen erasoaren lekuko izan zirenak polizia indarrekin harremanetan jartzeko.
Erran behar da, bortxaketen kopuru ofizialaz gain, Baionako ospitalean zenbatutako sexu erasoen mediku egiaztatzearen daturik ez zutela eman atzo. Ospitaleko zuzendariak, mediku sekretua dela-eta, datu horiek ezin ditu eman. Joan den urteko bortxaketen kasuak, berriz, hurrengo hilabeteetan eramango dituzte auzitara.