GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu frantsesak bi preso entregatu ditu eta beste euroagindu bat onartu du

Estatu frantsesak Ainhoa Mujika eta Lexuri Gallastegi euskal preso politikoak Madrilen esku utzi zituen eta Pablo Aperribairen aurkako euroagindua onartu zuen atzo. Mujika eta Gallastegi sei hilabeterako entregatu dituzte, Auzitegi Nazional espainolean epaitzeko xedearekin.

GARA |

Ainhoa Mujika eta Lexuri Gallastegi euskal preso politikoak Madrilen esku utzi zituen atzo Estatu frantsesak. Berri agentzia espainolek zabaldutako informazioaren arabera, sei hilabeterako estraditatu dituzte biak.

Gobernu espainolak bien aurkako estradizio eskaria 2002an egin bazuen ere, atzo gauzatu zen. Eguerdi partean iritsi zen Madrilera bi euskal emakumeak zeramatzan hegazkina.

Arratsaldean, ordea, Juan del Olmo epailearen aurretik pasa ziren. Euren kontrako karguak jakinarazi zizkieten eta espetxeratu egin zituzten Mujika eta Gallastegi.

Agentzia espainolek esandakoaren arabera, biek ala biek, hainbat auzi dituzte Estatu espainolean. Zehazki, Entzutegi bereziko 2, 4, 5 eta 6 aretoetan dituzte auziak.

2002ko irailean atxilotu zuten Mujika Bordelen, Juan Antonio Olarra Guridirekin batera. 2006ko otsailean, alta, Parisko Auzitegi Korrekzionalak epaitu zuen eta, ETAko kide zela iritzita eta «gaizkile taldeko kide» izatea egotzita, 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten.

Epaiketan, ordea, Euskal Herriak bizi duen gatazkaren konponbidean parte hartzeko eskaria egin zion Mujikak Estatu frantsesari, konponbideak jorratzeko ETAk «bere esku dagoen guztia» egingo zuela nabarmentzearekin batera.

Auziak Estatu espainolean

Atxilotu bezain laster Auzitegi Nazional espainolak Mujikaren kontrako estradizioa eskatu zuen, Estatu espainolean zortzi auzi zituela egotzita. Auzitegi berezi horren arabera, Mujika «Madril komandoko ustezko partaidea» izandakoa da. Era berean, sei hildako eragin zituen Armadaren furgoneta baten kontrako atentatua egozten dio Auzitegi Nazional espainolak, beste hainbat ekintzen artean.

Lexuri Gallastegi 2002ko maiatzean atxilotu zuten Niort izeneko herrian, Estatu frantsesean, beste lau euskal herritarrekin batera.

Joan den martxoan epaitu zuten eta Parisko Auzitegi Bereziak hamar urteko espetxe zigorra ezarri zion hari ere «gaizkile taldeko kide» izatea egotzita. Gobernu espainolak halaber, haren kontrako estradizioa eskatu zuen 2002ko ekainean, «ibilgailuen lapurreta», «hilketa saiakera» eta «lehergailuak edukitzea» egotzita.

Euroagindua onartuta

Bestetik, Paueko Apelazio Auzitegiak atzo onartu zuen Pablo Aperribai euskal herritarraren aurkako euroagindu eskaria. Horiek horrela, datozen hamar egunetan Aperribai Estatu espainolaren esku utziko dutela ohartarazi zuen haren abokatu Maritxu Paulus Basurkok.

Polizia frantsesak Lannemezan herrian atxilotu zuen Pablo Aperribai, uztailaren 25ean. Atxiloketa unean, ordea, ez zuen ez agiririk ezta armarik ere.

Joan den asteartean izan zen euroaginduaren lehen azterketa eta haren abokatuak GARAri adierazitakoaren arabera, Aperribaik leporatzen dizkioten auziekin bat ez datorren arren, euroagindua onartu zuen. Aperribaik «euroaginduaren txostenean esaten dena azaldu nahi dio epaile espainiar bati eta horregatik ematen du ontzat Auzitegi Nazional espainolean epaitzea», azaldu zuen.

Paulusek euroagindua prozesu administratibo bat dela ekarri zuen gogora eta, hortaz, neurria aztertzeko bistetan, auzia ez dela ikertzen salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo