Camposi ebakuntza egin diote, Etxarri Aranazko manifestaldian zauritu ostean
O.L |
Jose Campos, Bautista Barandalla euskal preso politikoaren neska-lagunari atzo egin zioten ebakuntza Iruñean, joan den larunbatean Etxarri Aranatzen preso eta iheslarien eskubideen alde egindako manifestaldian Guardia Zibilaren oldartzeak eragindako zauriak direla-eta.
Urtero bezala, herriko jaien lehenengo egunean presoen aldeko manifestaldia antolatu zuten larunbatean. Aurten, ordea, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak deialdia debekatu zuen; Guardia Zibilak herria okupatu eta manifestarien kontra oldartu zen, hamar pertsona zaurituta.
Zaurituetako batzuk presoen senideak ziren. Horien artean, Jose Campos eta haren alaba, Garazi Barandalla. Guardia Zibila oldartzean, Campos lurrera erori zen eta ezkerreko eskuko lotailua hautsi zuen; alaba ordea, ama laguntzera zihoala borra kolpe batek eman zion aurpegian eta ubeldura sorrarazi.
Iruñean egin zioten ebakuntza Camposi eta GARAri azaldutakoaren arabera, «dena ondo joan zen».
Gaur, aldiz, preso eta iheslarien eskubideen aldeko hitzordu berria dute Etxarri Aranatzen, arratsaldeko 19.30etik 20.30era ordubeteko isilunea antolatu baitute. Guardia Zibilak gaur «egin asmo duen okupazio berrian», kaleak hutsik eta isilik gelditzeko deia egin dio Etxarri Aranazko ezker abertzaleak bizilagun orori.