Osaka 2007
Lau euskal herritar izango dira Munduko Txapelketan
Mendia, Agirre, Odriozola eta Romera lehiatuko dira Japonian
GARA | BILBO
Guztira Euskal Herriko lau atleta arituko dira Osakan abuztuaren 25etik irailaren 2ra bitartean egingo den atletismoko Munduko Txapelketan. Marta Mendiak, Naroa Agirrek, Mikel Odriozolak eta Jose Maria Romerak osatuko dute abuztuaren 17an eta 20an Japoniarantz abiatuko den euskal ordezkaritza. Asiako herrialdean izango den txapelketan hezetasun eta bero gogorrak espero dira eta urtebete barru Pekinek antolatuko dituen Olinpiar Jokoetarako froga aparta izan daiteke.
Lauretan gazteena, 26 urteko Jose Maria Romera iruindarra izango da. Aurreneko Munduko Txapelketa izango da 400 metroko hesidunean lehiatuko den atletarentzat baina badaki zer den nazioarte mailan lehiatzea.
Naroa Agirrerentzat, berriz, hirugarren txapelketa izango da aurtengo hau. Pertika jauzilari donostiarra Parisen izan zen 2003an eta orain bi urte 4,35 metroko jauziarekin bederatzigarren postuan bukatu zuen Helsinkiko Munduko Txapelketan. Aipagarriak dira Atenasko Olinpiar Jokoetan lortutako seigarren postua edo eta Estatu mailan lortutako errekorrak.