GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zeledonen igoerak eta Gazte Egunak agurtu zituzten jaiak

Andra Mari Zuriaren plazak Zeledonen panpina jaisten ikusteaz gain, atzo San Migueleko dorrera igotzen ere ikusi zuen. Agur Andra Mari Zuriaren jaiei. Hala ere, gauak bazuen oraindik jaiaz gozatzeko grina zutenentzako alternatiba bat baino gehiago, txosnen batzordeko ekitaldien artean Fermin Muguruzaren kontzertua geratzen baitzen oraindik.

p020_f01_148x185.jpg

Josune VELEZ DE MENDIZABAL

Bost egun pasatxo eman ditu Gasteizek musikan, poztasunean eta alaitasunean bete-betean sartuta. Atzo, ordea, 2007. urteko Andra Mari Zuriaren jaietako azken eguna izan zen. Udaletxeko egitarauak azken eskaintzak gauerdia baino lehenago amaitutzat eman zituen, ondoren, goizaldeko ordu batean, Zeledoni ongietorria egin zion plazak berak agurra eman ziezaion. Urtero bezala Zalduondoko baserritarrak abuztuaren 4ko kontrako ibilbidea egin zuen, oraingoan dorretik behera egin ordez, zerurako bidea eginda, alegia.

Tabernarien txanda

Hiriak ez zituen, ordea, jaietako gogoak erabat baztertu, oraindik gauak bazuen zer eskaini. Eguerditik girotu zuen Gazte Egunak txosnagunea. Herri bazkaria antolatu zuten gazteek karpa erraldoian eta han bildu ziren 150 lagun. Pasta entsalada, arkumea, solomoa eta gazta pastelaz osatutako menu goxoaz gozatuta, kafea ailegatu orduko bati baino gehiagori ardoak aurrea hartua zion. Dantzaldirako tartea zen. Han agertu ziren Gaizka eta Lander Urduñako trikitilariak. «Eskatu nahi duzuen kanta, hauxe da gure lehen kontzertua», aipatu zuen, lotsati, bikoteak. Arin-arina, fandangoa eta hainbat herri kantak dantzara gonbidatu zituzten gazteak. Jaiak bai baina, erromeria behin bukatuta, Andra Mari Zuriaren plazatik hiriko erdigunea zeharkatuta «Bildu, erabaki eta independentzia irabazi» lelopean manifestaldia abiatu zen txosnen gunera. Guztira 300 lagun inguru izan ziren horren osteko ekitaldi politikoan. Bertan, dantzariek eta bideo batek Arkaitz Martinez de Albeniz eta Xabier Fernandez de Gamarra Gasteizko preso politikoen gutunei paso eman zieten. Amaitzeko, komunikatua irrakurri zuten, non gazteak borrokan eta antolakuntzan jarraituko zutela adierazi zuten.

Atzokoa, ohi den lez, txosnen egun berezienetariko bat izan zen. Horixe adierazi zuten bertan bizi izan zuten Gazte Egunak eta gauerako espero zen jende andanak.

Alde Zaharreko tabernek euren ordutegia murriztu ohi dute jaietako azken egunean. Tabernarien eguna izateagatik ere ezaguna da abuztuaren 9a. Haiek ere jaiak bizitzeko aukera dute-eta, barraren bestaldean. Horrexegatik, gauerdirako uzten dituzte lantokiak txosnen azken txanpaz gozatzeko. Txosnen Batzordeak egitarau ezin hobea prestatu zuen. Zeledon loak hartu orduko, txosnen agertokiak Fermin Muguruza eta Afro-Basque Fire Brigaderen erritmoak jasoko zituen. Azken hatsa botata zegoen dagoeneko. Datorren urtera arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo