GARA > Idatzia > Txirrindularitza

ROUTE DE FRANCE

Bizkaia-Durango taldeko txirrindulariek euskal kutsua emango diote tropelari

I.C. | DONOSTIA

Gaur hasiko da 2007ko emakumeen «Route de France» lasterketa. Aurten izango diren hamalau taldeen artean, UCIko Bizkaia-Durango izango da parte hartuko duen euskaldun bakarra.

Atzo goizean Fecamp-era abiatu zen talde bizkaitarra eta gaurtik 18ra bitartean iraungo duen lasterketan Arantzazu Azpirozek, Agurtzane Elorriagak, Maria Gallastegik, Mireia Epeldek, Nekane Lasak eta Ione Mujikak osatuko dute Denis Gonzalesek gidatuko duen talde euskalduna.

Beste txirrindulariei dagokienez, aipatzekoa da iazko irabazleak, Linda Villumsenek, ez duela parte hartuko aurtengo lasterketan. Bai, ordea, 2006ko bigarren eta hirugarren sailkatuek, Amber Neben-ek (US National Team) eta Svetlana Bubnekovak (Fenixs HPB).

«Route de France» lasterketa irabazteko aukera dutenak, Neben eta Bubnekovaz gain, Fabiana Luperini italiarra (Menikini-Selle Italia-Gysco), Theresa Senff alemaniarra (Team Getranke-Hoffmann) eta Ras Polikeviciute lituaniarra (USC Chirio Forno Asolo) dira.

Etapak

Guztira zazpi etapa izango dira. Gaurko jardunaldia aurtengo lasterketari hasiera ematekoa izango da, aitzin-etapa, alegia. Fecamp-en izango da eta bi kilometro besterik ez ditu izango.

Seigarren etapan izango dute probarik zailena eta gogorrena. 131 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek 874 metroko garaiera duen Col du Brabant mendia igota.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo