Mikel Aramendi Kazetaria
Gizateriaren laurdenarekin ingeniaritza egiten
Barregura ere, eta ez makala, ematen du egungo neokontserbadore, neoliberal eta halakoen bidelagunek «ingeniaritza sozialari» egiten dizkioten arbuio etengabeak aditzen ditugun bitartean, etzi ospatuko dena bezalakoak ikusteak. Gizakiekiko «ingeniaritza» operazio politiko eta sozial korapilatsu bezain arriskutsuak erresumindu batzuen kaka-behera ideologikoaren emaria besterik ez balira bezala.
1947ko abuztuaren 15eko gauerdian gauzatu baitzen Asia Hegoaldean gizateria modernoak ezagutu/pairatu duen esperimentu politiko zabal, eztabaidagarri... eta atzeraezinena. Argi baino argiago baitago bere garaiko protagonistetako inoren azken helburua ez zela dirudien banaketa hura inolaz ere atzera bueltarik gabekoa dela. Izatekotan, askoz posibleagoa dirudi lurralde haren baitan beste zatiketa batek Ghandik edota Ali Jinnahak nahiago izango zuten birbateratzeak baino.
Nolanahi ere, egia konplitua da munduko gizakien ia laurdenaren bizimodua eta etorkizuna biziro baldintzatu (heriotzaraino baldintzatu ere haietako milioi batzuen kasuan) zuela 1947ko zatiketa hark. Eta ez, noski, gorri burubero batzuen deliberoz baizik, funtsean, munduko botere berekoi, pragmatiko eta ganoragabeenetakoa izango zen Britainiar Inperioaren erabakiz.
Aro garaikidean izan den gizaki migrazio derrigortu (ba ote da bestelakorik?) handiena sorrarazi zuen aldebanatze hark. Eta egundoko hilketak, herrialde batean zein bestean, ondoren jazoko ziren hainbaten aitzindari. Eta geroztik elkarren aurka hiruzpalau gerra egin dituzten bi estatu, etorkizuneko lehen gerra nuklearraren egile izan daitezkeenak, eratu zituen. Haietako bat asmakizunezko izenarekin eta 2.500 kilometroko bitartea zuten bi lurralderekin. Eta bestea... zatiketaren ondoren ere, musulmanik gehien barneratzen duen munduko bigarren herrialdea izaten segitzeko, aldendu zitzaizkionen gainetik! Eta halaz eta guztiz ere, gizateriaren ia laurdenak bere «jaiotza» politikoaren urteurrena bezala ospatuko du etziko eguna. Gogoangarria iruditzen zaielako, noski. Agian, orkatilaraino duten lohia edota ehortzi berri dituzten ahaide itoak ahantzi beharko dituzte haietako milioi batzuek horretarako.
«Nation building»a iraganeko kontua dela? Tira!