Ixabel Etxeberria Irakaslea
Euskaldunen duintasuna erakutsi digu
Etxetik ihes egitera behartuak direnek ez dute gogo onez hautatzen. Halabeharrez joaten dira. Baina Mendebaldeko Europak ateak hetsi nahi ditu eta Frantziako Barne ministroa ez da eskuzabaltasunetan ibiltzen usatua
Hamabi urte, poliziarekin arazoen ukaiteko adina ez da. Hamabi urte, paper istorioengatik koman egoteko adina ez da. Hamabi urte, familiaren egoerarengatik ikaratuta bizitzeko adina ez da.
Alta, Ivanen bizia da. Hamabi urte dauzka, Estatu frantseseko Poliziak etxeko atea jo zuen familiaren kanporatze aginduaren betearazteko. Berehala aitak ihes egin zuen lehiotik, laugarren pisuan zen pisua, eta gibeletik semea, Ivan, hamabi urte. Laugarren solairutik erori da, buru hezurra hautsi eta geroztik koman dago. Ama txetxeniarra da eta aita ukraniarra, baina Estatu frantseseko Administrazioak dio errusiarrak direla. Ondorioz, Errusian arazo politikorik, edo besterik, ez dagoenez, kanporatzeko agindua hartu zuten.
Badakigu Estatu frantseseko Administrazioarentzat Txetxenia, Ukrania edo Errusiaren artean desberdintasunik ez egitea egoera arrunta dela. Ez du sekulan ulertu Kortsikarrak ez direla frantsesak, edo euskaldunak ez direla espainolak, eta Parisko inguruetako gazte koloretsuak frantses hutsak direla ere ez. Administrazioaren aldetik ez dugu ulertze gehiegirik eskatzen ahal. Larraiagotzen da alderdi politikoek Poliziaren lana indartzea erabakitzen dutelarik, paperik gabe bizitzera behartuak direnak zapaltzea erabakitzen dutelarik.
Ivanen familiak Groznitik ihes egin zuen duela hamabi urte, denek badakigu zer egoeratan bizi diren han. Etxetik ihes egitera behartuak direnek ez dute gogo onez hautatzen. Halabeharrez joaten dira. Baina Mendebaldeko Europak ateak hetsi nahi ditu eta Frantziako Barne ministroa ez dugu eskuzabaltasunetan ibiltzen usatua, harentzat euskal arazorik ez den gisan, familia honek Txetxeniara itzultzeko agindua bete behar zuen.
Ivani gertatu zaiona edozein mementutan gerta dakieke paperik gabe bizi diren hainbat etorkini. Ivan bizi den auzoan asko daude. Ez ditugu alderdi politikoak erreakzionatzen ikusten, errepresio emendatzea salatzen. Le Pen entzun dugu pozik zegoela erraten, Sarkozyren lana txalotzen, agindutakoa betetzen ari baita. Egia da, eskuin muturreko programa ederki martxan ematen ari da, Le Peni lana errexten dio, Le Pen agintzen ari dela erran dezakegu laster.
Gurean, Sabinek etxetik ihesi joan behar izan zuen ere. Duela aspaldi. Ziburun askok ezagutu dugu. Telebista eta irratia entzun ditugu azken egun hauetan, eta Sabini buruz diotena propaganda liburuetatik zuzenean ateratakoa dela dirudi. Bizi arrunta, normala eramaten ikusi dugu, sekulan hitz bat bestea baino gorago. Erbestea eta presondegia izan ditu esperientziatzat, Euskal Herriari geroa eskaini nahi ziolako. Hautatu zuen bidea ez dago modan, dudarik gabe, borroka ez dago modan, edo bestelako borrokak oihartzun hobea dute gaur egun. Sabinek zeraman borroka Ziburuko kaleetan euskaldun xume batena zen, abertzalea, euskalduna, makurtu ez dena. Gure oroimenean geldituko da. Euskaldunen duintasuna erakutsi digu.