GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zornotzako ekitaldia gaitzetsi dute PSE, EB eta PP taldeek

GARA | BILBO

PSE, EB eta PP taldeek joan den larunbatean Zornotzan izandako ekitaldiaren ondotik gertatutako istiluak gaitzetsi zituzten. EB ezker abertzaleari zuzendu zitzaion; bakerantz eta normalizazio politikorantz aurrera egiteko, «soka tenkatzeari utzi» eta «indarkeria ekintzak» gaitzesteko eskatu zion. Bertze bi taldeek ere istiluak arbuiatu zituzten, bai eta ekitaldia bera ere. PSE-ren bozeramaile Rodolfo Aresek elkarretaratzea onartzea «akatsa» izan zela adierazi zuen, bere hitzetan «epaileak debekatutako omenaldia egiteko erabili zen-eta».

Horrez gainera, bere ustetan «ezker abertzaleak indarkeria babesten duela» agerian gelditu zen joan den larunbatean. Aresek ekitaldia eragozteko «behar bezalako neurriak» hartu behar zirela nabarmendu zuen, «horretarako arrazoi aski baitzeuden». Arrazoi horiei buruz, ekitaldiaren parean zeuden poliziek eta bertze `demokrata' batzuek jasandako irainak aipatu zituen.

PPko legebiltzarkide Carlos Urquijok Jabier Balza kontseilariari Ertzaintzak ekitaldia debekatzeko neurririk hartu ez zuela-eta argitzeko eskatu zion. PPko kideak «oso larria» iritzi zion epailearen bi debekuen ondotik «irainezko eta legez gaindiko egoera» izateari. Urquijoren hitzetan Balzak lehenbailehen agertu beharko du Legebiltzarren aurrean, baina bilera berezia eskatzeko beharrezko bozik ez duela-eta, gainerako taldeei ekimena babesteko eskatu zien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo