GARA > Idatzia > Arrauna

Espainiako Txapelketa

Urdaibaik ez du kondarrik ere uzten

Bermeotarrek lehen aldiz irabazi zuten Espainiako titulua Pedreñan eta Hondarribiarekin batera euskaldunen ahalmena erakutsi zuten

p036_f01_250x140.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Urdaibaik bere historian lehen aldiz irabazi du Espainiako Traineru Txapelketa. Bermeotarrek bezperan erakutsitako nagusitasunari eutsi zioten atzoko finalean eta itxura ederra emanda lortu zuten urrezko domina Pedreñako uretan. Horrenbestez, bizkaitarrek garaipenen bide gozotik jarraitzen dute eta traineru denboraldi ikusgarria osatzen ari dira: lau bandera eta San Miguel Ligako behin-behineko lidergoa, Bizkaiko Txapelketa, Euskadiko Txapelketa irabazi duen Bizkaiko lehen ontzia izatearen ohorea eta historiako lehen Espainiako Txapelketa. Ikaragarria.

Aurreneko txanpa indartsua bukatu bezain laster, lehen luzearen amaieran hasi ziren bizkaitarrak aldeak irekitzen. Azkenaldian gertatzen den moduan, Bou Bizkaia ontziak aurrea hartzen badu ia ezinezkoa suertatzen da haiek harrapatzea eta atzo ere horixe gertatu zen. Bigarren maniobran tarteak bost bat segundokoak ziren eta hirugarren ziabogarako ia bikoiztu egin zituzten alde horiek.

Patxi Bilbao prestatzaileak aipatu zuenez, aste osoan entrenamendu karga handia sartu dute eta bazuen mutilek lan hori gehiegi nabarmenduko ote zuten beldurrik. Azkenean, ordea, maila bikaina eman du koadrilak eta kontuan izan behar da larunbatetik igandera bost aldaketa egin zituztela ontzian.

Hauxe da Espainiako Txapelketa irabazi zuen koadrila: Xabier Bereziartua, Carlos Rodriguez, Sergio Carrion, Javier Polo, Aitzol Arrizabalaga, Gaizka Olazar, Juan Antonio Duñabeitia, Mikel Portularrume, Iker Zabala, Francisco Blanco, Gorka Olazar, Miguel Angel Millares, Xabier Zulaika eta Asier Arego patroi lanetan.

Gainera, eta Urdaibairen garaipena osatzeko, Hondarribiak bigarren postuan amaitu zuen eta zilarrezko domina eskuratu zuen. Gipuzkoarrek sekulako lehia izan zuten Pedreñarekin hasiera-hasieratik eta, Urdaibaik aldeak irekitzen zituela ikusita, bigarren postua lortzeko lehia ederra ikusi zen ohorezko txanda horretan. Denborak begiratzea nahikoa da horretaz jabetzeko: estropadako baliozko lau erreferentzietan -hiru ziaboga eta helmugako denbora- segundo bakarreko aldea egon zen bien artean. Azken luzean gogor jo zuten gipuzkoarrek eta, ozta-ozta izan arren, etxekoen aurretik amaitzea lortu zuten.

Hondarribia azken orduan sartu zen Espainiako Txapelketan Asturias eta Galiziako ontzien ezezkoa baliatuta, baina argi geratu da berriz ere Ama Guadalupekoa Kantauriko traineru azkarrenen pare dabilela. Atzo ere itxura ederra eman zuten, baina berriz ere bigarren amaitu behar -Ligan hiru aldiz amaitu dute postu horretan-.

Finaleko ezusteko handiena, txarrerako kasu honetan, Castrok eman zuen. Juan Mari Etxaberen mutilek ez zuten bezperako mailan arraun egin eta bigarren ziabogarako atzerapen handia pilatuta zuten jada. Azkenean, eta dena galduta ikusita, 19 segundoko atzerapenarekin sartu ziren helmugan.

Astillero, bikain

Lehenengo txandan, berriz, Astillero izan zen garaipena lortu zuena. Bezperan bezalaxe Joseba Arbona euskaldunak gidatuta, kantabriarrek sekulako estropada egin zuten eta Oriori aurrea hartzea lortu zuten ontzi bateko aldearekin. Gainera, lehen txanda horretan egindako denbora (20.03.18) Urdaibaik bakarrik hobetu zuen.

Larunbatean finaletik kanpo gelditu izanak Astilleroren traineru denboraldia amaitutzat eman zuen atzoko estropadarekin eta, egia esan, duten maila ikusita, pena ere ematen du bertako agintariek esfortzu gehixeago ez egitea gainerako ontziekin lehiatu ahal izateko. Azken batean, ikuskizuna areagotu baino ez lukeelako egingo.

Oriok bezperan baino maila hobea erakutsi zuen eta

Patxi Bilbao: «'Arraunketa errazarekin' gabiltza eta horrela zaila da guri irabaztea»

Patxi Bilbao, Urdaibaiko prestatzailea «emozionatuta» azaldu zen estropada amaieran. «Mutilengatik asko pozten naiz. Astean entrenamendu gogorrak egin ditugu, baina taldea `arraunketa errazarekin' dabil eta aurrea hartzen dugunean oso zaila da guri irabaztea. Jokatu ditugun Txapelketa guztiak irabazi ditugu, Bizkaikoa, gure helburu nagusia zen Euskadikoa... eta Pedreñan euskaldunen maila zein den erakusteko aukera izan dugu. Arraunlariei zorionak ematea baino ez zait geratzen», adierazi zuen bermeotarrak Euskadi Irratian. A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo