GARA > Idatzia > Euskal Herria

Donostiako besten hasiera

Kankailu eta buruhandiek kantatu zuten «Artillero»

Hemen dira Donostiako bestak: su eta kontzertu ikusgarriak, umeentzako hamaika gozagarri... Eta, Piratei esker, baita parte hartzeko ekintza ugari ere. Larunbatean leporaino bete zen Trinitate plaza Berri Txarrak, Etsaiak eta Instep taldeekin, baina atzo arte ez zen abiatu jaia ofizialki. erraldoi eta buruhandien konpartsak kantatu zuen «Artillero».

p016_f01.jpg

Maider IANTZI

Donostiako zortzi pertsona garaienak udaletxeko aterpean zeuden zain, tente eta apain, ilara zuzena osatuz. Erronkariko gizon bat eta emakume bat, Katximorro arabarra eta bere bikotekidea, Gipuzkoako bertze bikote bat, arpoilaria bata eta arraunlaria bertzea, eta Bizkaiko olagizon bat eta etxekoandre bat ziren. Gaztelu ttipi bat zuten ondoan, kanoi eta guzti, bandera zuri-urdinekin apaindua. Udaletxeko hormetan ere kolore bereko oihalak ziren nagusi. Helikoptero hotsa aditzen zen, herritarrak eta turistak nahasten ziren karriketan, eta eguzkia kukuka zebilen. Milaka lagun zeuden Alderdi Eder inguruan, baina arratsaldeko bostak aldera oraindik lasai paseatzen ahal zen, ez zen zalaparta handirik.

Itzurun Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak izan du aurten besten hasiera iragartzen duen kanoikadan abesteko ohorea. Eta udaletxeko terrazetan zebiltzan pertsonaiei bizia ematen dieten berrogeita hamar lagunak, galtza eta zapi urdinekin eta alkandora zuriarekin denak, komunikabideekin solasean, mikrofonoak probatzen eta azken orduko prestakuntza guztiak egiten. Naia Lopez eibartarrak buruhandi bat mugitzen du eta Iñigo Mangas irundarrak erraldoi bat. Hagitz gustura zeuden biak, konpartsak hogeita sei urte bete dituelako eta denbora horretan guztian egindako lanaren emaitza delako «Artillero» kantatzea, opari bat.

Izan ere, Mangasek ohartarazi zigunez, lan handia egiten dute: «Ez da erraldoiak eta buruhandiak dantzaraztea eta mugiaraztea bakarrik, Udalarekin hitz egin behar izaten dugu, koreografiak sortu eta hamaika saio egin... Urte osoan aritzen gara, neguan lasaiago eta uda hasieratik orain arte astero. Uste dut jendeak eskertzen duela zerbait koordinatua eta landua ematea. Emaitza desberdina da», azaldu zuen. Lau koreografia dituzte jai hauetarako: Manuel Beltranen bat, Juan Mari Beltranen bertze bat, denak ilaran jarrita egiten duten bat eta «Artillero» kantarako sortu duten laugarren bat.

Lana bukatzean, kankailu eta buruhandiak gorde, arropak aldatu eta elkarrekin ateratzen dira konpartsako lagunak. Gauean parrandan dabiltzanean ere konpartsari buruz solasean aritzen direla aitortu zigun Lopezek, egindako lana baloratzen. Zenbaitetan ikara ttipiak ere izan dituzte; oreka galdu eta lau metroko pertsonaia astunak erori zaizkienean, adibidez. Hiru pertsona arduratzen dira erraldoi bakoitzaz, bat barrenean egoten da eta bertze biak kanpoan laguntzen, eta txandatu egiten dira. «Kankailuak ez daude hasieran bezain ondo eta berritzeko asmoa daukagu», adierazi zuten gazteek.

Erraldoiez gain, hamairu buruhandik, bederatzi dultzaina-jotzailek eta bertze bederatzi txistularik osatzen dute Itzurun konpartsa. Buruhandiek hiriko jaietako pertsonaiak irudikatzen dituzte: kantinera, danbor-jolea, sukaldaria, kaldereroak, inudeak eta artzainak, Pierrot eta Arlekina, Belle Epoque-ko gizon-emakumeak eta baserritarrak ordezkatzen dituzte.

Kaleak, lasai-lasai

Manifestazioa egiten ari ziren ezker abertzaleko lagunak eta izozkia janez paseatzen ari ziren turistak eta herritarrak gurutzatzen ziren Bulebar aldean. Alde Zaharrean, berriz, ostatuetan zerbait hartzen edo eskaparateei begira zegoen jendea. Gastronomia Elkarteko kideekin elkartu ginen Trinitate plazan. Soinean zeramaten uniforme ingelesari buruz galdetuta, gibelera egin zuten 1813. urteraino: «Ingelesek Donostia erre zuten eta, bost egun geroago, Zubietan bildu eta harresiak botatzea erabaki zuten, hiri militarra berriro hiri zibila izatea alegia. Hori gogoratzeko Gaztelu Eguna egiten dugu irailero», azaldu zuten Alfonsok, Eliasek eta Iñigok.

Parte hartzeko baino gehiago ikusteko jaiak dira Donostiakoak hiru lagun horientzat; baina atzo bai, atzo protagonista izan ziren kanoikadan. Lumadun txapel beltz handiak buruan -batzuek eguzki-lore eta guzti-, jaka gorriak eta galtza edo gona grisak soinean, gogotik astindu zituzten danborrak Aste Nagusiaren hasierako ekitaldian.

Zazpiak emateko hamar minutu eskas falta zirenean, gaztelura goititu ziren, txaranga lagun. Ikurrina, bandera zuri-urdina eta berde koloreko bertze bat zituzten aitzinean -azken hori kofradiaren sinboloa da eta eguzki-lore bat dauka erdian-. Azpian, aldiz, buru pila bat zeuden adi, ekitaldiko xehetasun guztiak ikusteko asmoz.

«Arratsalde on, Donostia! -oihukatu zuen halako batean mutil gazte batek udaletxeko balkoitik, Odon Elortza eta gainerako agintariak zeuden lekutik, alegia-. Sardina baat!». Eta azpialdean zegoen jendetzak berehala erantzun zion: «Bi sardina, bi sardina! Topatu ziren, topatu ziren, iskin batean, iskin batean!». Lehen isilik eta geldi-geldirik zeuden herritarrak txalo eta kanta ari ziren. Ez ziren denbora luzean aritu, ordea.

Horregatik, bestalariak mugiarazteko eta animatzeko asmoz, txanpain eta gaseosa botilak astintzen hasi zen gazte koadrila bat, ingurukoak bustitzen eta «Más que una fiesta esto parece un funeral» garrasika. Zirkulu bat marraztu zen neska-mutilen inguruan, igandeko arropa dotoreak soinean zituztenak pixka bat haserretu eta urrundu egin baitziren marmarka. Artillero abesti ezaguna kantatu zuten Itzurun konpartsako kideek elkarri bizkarretik helduta, indartsu, herritarrek eta musikariek lagunduta. Bitartean, erraldoiak eta buruhandiak dantzan zebiltzan, ekitaldirako propio prestatutako koreografia egiten. Zazpiak noiz ailegatuko esperoan egon arren, ezustean harrapatu gintuen Jose Luis Mocoroa Gastronomia Elkarteko kideak piztutako metxak eta ondotik etorri zen kanoikada bortitzak. Mugitu gorputzak, bestak hemen dira-eta!

EGITARAUA

PIRATEN EKINTZAK

11.00 Txalupak eraikiko dituzte kaian.

13.30 Bazkari pirata Trinitate plazan.

17.00 Abordatzea kaian.

19.00 Kalejira Kontxatik Alde Zaharrera, Bidebietako Gazte-Elektrotxarangaren laguntzarekin.

UDALARENAK

10.30 Capoeira lantegia Kontxako kirolgunean.

11.00 Haur jokoak. Jumping, etxetxoa eta pilotatxodun tigrea Bulebarreko kioskoan.

17.30 Bizikleta festa.

18.30 Samasiku txaranga Zurriolako pasealekuan.

19.00 Musika Hamabostaldia. J. Offenbachen «Hoffmannen ipuinak» Kursaaleko auditoriumean.

20.30 XVI. Donostia Hiria Pop-Rock Lehiaketa.

22.45 Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketa. Granadako Maria Angustias Perez etxea.

23.15 Zezensuzkoa.

23.30 Karidadeko Benta Trinitate plazan.

23.30 Trapu Zaharrak taldeak «El Pisito» antzeztuko du Gipuzkoa plazan.

23.30 Imuntzo eta Beloki Konstituzio plazan.

23.45 Barricadaren kontzertua Saguesen.

00.00 Gaubela taldea Pasealeku Berrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo