Ertzaintzak Maiora gaztea atxilotu du Gasteizen, bigarrenez
Polizia autonomikoak Igor Maiora gaztea atxilotu zuen atzo bigarren aldiz. Ertzaintzak kale eraso batean bere DNA proba aurkitu izana leporatzen dio. Haren etxea eta lan egiten duen taberna miatu zuten. Askatasunak atxiloketa salatu zuen, baita EAJren eta Ertzaintzaren jarrera ere.
GARA |
Ertzaintzak Igor Maiora gaztea atxilotu zuen atzo eguerdian Gasteizen, kale borrokako ekintza batean parte hartu izana leporatuta. Polizia iturriek zabaldutakoaren arabera, kale eraso batean aurkituriko DNA proba batean oinarritu da operazioa.
Atxiloketa, Maioraren etxean jazo zen, Gasteizko Aiztogile kalean. Goizeko 11.45ak aldera, aurpegia txanoekin estalita zuten ertzainak etxebizitzan sartu eta Maiora atxilotu zuten.
Bi ordu eta erdiz luzatu ziren miaketa lanak eta haren etxetik ordenagailuko memoria eta hainbat CD eraman zituztela adierazi zuen Askatasunak. Bilaketa lanekin etxea «hankaz gora» jarri zutela adierazi zuten hainbat bizilagunek.
Etxea miatu ostean ordea, 15.30ak aldera, Maiorak lan egiten duen Irauli taberna arakatu zuten ertzainek.
Hala, Ertzaintzak Alde Zaharreko kalearen zati bat itxi eta, alde horretatik, bizilagunen joan-etorriak oztopatu zituzten. Miaketak gauzatzen ziren bitartean, ordea, 80 lagun bildu ziren atxiloketa gunean, Maioraren askatasuna exijitzeko.
Maiora ez dute inkomunikatu eta konfiantzazko abokatuarekin egoteko aukera izan zuen miaketan uneetan.
Maiora iazko urrian atxilotu zuten ertzainek, Vitaleko kutxazainei eraso egitea egotzita. Auzitegi Nazional espainoleko epaile Ismael Morenok espetxeratzeko agindu zuen, eta hilabete batzuez kartzelan egon ostean, baldintzapean zegoen libre.
Askatasunak atxiloketa salatu eta ezker abertzaleko pertsona eta ekimenen aurka EAJk aginduta, Ertzaintzak duen «jarrera basatiarekin» amaitzeko galdegin zuen.
Atxiloketa salatzeko Amnistiaren aldeko mugimenduak manifestaziora deitu dute ostiralerako. Hitzordua arratsaldeko 20.30ean izango da Ama Zuriaren plazan.