Balantzea
Urdaibai argi nagusitu da denboraldiaren lehen erdian
Ontziak buru-belarri sartuta dabiltza jada datorrena prestatzen: Zarautz, Kontxa eta Bizkaiko blokea.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Asteburuan Pedreñan jokatu den Espainiako Txapelketarekin traineru denboraldiaren lehen zatia amaitutzat eman daiteke. Uztaileko estropada maratoiari abuztuaren lehen bi asteetako hitzorduek eman diote segida eta 37 egunetan 14 estropada jokatu behar izan dituzte zenbait ontzik San Miguel Liga eta Txapelketa ezberdinak kontuan hartuta. Eta balantzea argi dago: Urdaibai izan da denboraldiko lehen zatian nagusitu dena.
Bermeotarrek zazpi bandera irabazi dituzte guztira: ligako lau proba -Pedreña, Plentzia, Castro eta Hondarribia-, Bizkaiko Txapelketa -Lekeitio-, Euskal Herriko Txapelketa -Donibane Lohizune- eta Espainiako Txapelketa -berriz ere Pedreñan, bi jardunaldiak irabazita-. Bizkaitarrak dira, gainera, San Miguel Ligako behin-behineko liderrak bigarren dagoen Oriorekiko bi puntuko aldearekin.
Koxka bat beherago, Orio eta Zarautz nabarmendu dira denboraldiko lehen erdian, bakoitza bere mailan. Oriotarrek ligan lau garaipen erdietsi dituzte -O Grove, Boiro, Pasaia eta Getxo- eta sailkapen nagusiaren lehian sartuta daude bete-betean. Zarauztarrek, berriz, Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuten uztailaren amaieran eta ligan ere beste garaipen bat lortu zuten Zumaiako estropadan.
Emaitza horiek eskuan hartuta ekingo diete euskal traineruek denboraldiko bigarren erdiari eta, tradizioak dioenez, garrantzitsuenari. Abuztuaren 18an eta 19an Zarauzko Estropadak jokatuko dira; 25ean, Laredoko Bandera; 26an, Orioko Ikurrina; 30ean, Kontxako sailkapen estropada; iraileko lehen bi igandeetan, 2an eta 9an, Kontxako Bandera jokatuko da Donostiako Badian; eta hurrengo bi asteburuetan ligari amaiera emango zaio Bizkaiko estropada blokearekin: 15ean Gorliz, 16an Bermeo, 22an Bilbo eta 23an Portugalete -El Corte Ingles Bandera garrantzitsua-.
Zarautz, «hurrengo helburua»
San Miguel Ligako hamar traineruk -galiziarrak ez beste guztiak- bihar hitzordua izango dute Castron, baina ligarako puntuagarria ez izateak balioa kentzen dio probari eta ontzi gehienak Zarautzen pentsatzen hasi dira jada. «Garbi daukagu Zarauzko estropada oso garrantzitsua dela guretzat. Gainera, oso polita izaten da. Nik uste Castroko estropada, puntuagarria ez izanda, aldaketa batzuk egiteko aprobetxatuko dugula arraunlari guztiei aukerak emateko. Eta gure hurrengo helburua, beraz, Zarautz izango da argi eta garbi», onartzen zuen Xabier Bereziartua, Urdaibaiko arraunlariak Euskadi Irratian.
Gaineratu zuenez, taldeak nahiago du mantso joan eta oraindik Kontxari gehiegi ez begiratu: «Hobe da poliki-poliki joatea, pausoz pauso eta estropadaz estropada eta Kontxa iritsiko da. Hitz handiak dira horiek eta ikusiko dugu zer moduz irtetzen zaigun aurten».
Casi sin tiempo para descansar, diez traineras de la Liga San Miguel se medirán mañana en la XXXV Bandera de Castro Urdiales a partir de las 18.30. Con la ausencia de los gallegos Cabo da Cruz y Mecos, el resto de embarcaciones lucharán por una regata que no es puntuable para la liga. En la primera tanda bogarán Laredo, Zumaia y Arkote. En la segunda saldrán Castro, Pedreña y San Pedro. Y en la tercera se medirán Urdaibai, Orio, Hondarribia y Zarautz. Los de casa ganaron la edición del año pasado, mientras que la embarcación de Orio ganó la regata en 2005 y 2004. A.A.