GARA > Idatzia > Kultura

Mikel Lertxundik eskulturak eta marrazkiak eraman ditu Donostiara

Burdinarekin, egurrarekin eta harriarekin jarraitzen du lanean Mikel Lertxundi artista bizkaitarrak, baina oraingo honetan eskulturekin batera marrazkiak ere jarri ditu ikusgai Donostiako Kur galerian. Hogeita hamar bat obrek osatzen dute erakusketa eta berrikuntza nagusia obra bera hainbat espaziotan ikusteko aukera ematea da. Hau da, lan jakin bat hiru dimentsiotan, baina hainbat espaziotan ikusteko aukera ematen du oraingoan artistak.

p048_f01_199x120.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Aspalditik gerturatu nahi zuen Mikel Lertxundi artista bizkaitarrak Donostiara eta irailaren 13a arte, behinik behin, lortu du; izan ere, haren hogeita hamar obra inguru Kur galerian (Zurriola pasealekua, 6) daude ikusgai. Hamar bat urte ziren jada Berriatuko artistak ez zuela bakarkako erakusketarik egiten Donostian.

Orain arteko ibilbideari jarraiki, Lertxundik burdinez, egurrez eta harriz egindako obrak egin ditu, bere ustez hiru elementu horiexek baitira bizitzari behar duen oreka ematen diotenak. Baina oraingoan bada berrikuntzarik, «erabateko» berrikuntza ez bada ere, nabarmendu nahi izan du.

Osagarriak

Donostian bildutako erakusketan bere eskulturekin batera marrazkiak ekarri ditu Lertxundik. Halere, ez dira obra solteak, bata bestearekin lotura baitute; osagarriak dira eta eskulturen ikuspegi osatuagoa ematea dute xede marrazkiek, «edota alderantziz»: «Marrazki eta eskulturak batzearekin beste espazio batean obra berak ikusteko aukera eman nahi izan dut. Hiru dimentsioetan bezala, baina hainbat espaziotan ikusita».

«Marrazkien kontua eskultura horiek beste dimentsio batean aurkezteko nahiak bultzatuta sortzen da. Ez dira zirriborroak. Ikusleak aukera zabalagoa izan dezan eta espazio-elementuen arteko jokoan parte har dezan egin dut horrela», gaineratu du.

Izan ere, Berriatuko artistak esandakoaren arabera, askotan erakustokiek ez dute, espazioen berezko mugak direla-eta gehienetan, obrak ikuspegi, neurri edo hainbat espaziotatik ikusteko aukerarik ematen.

Hortaz, orain arteko bidea jarraitu du artistak. Betiko materialak erabili ditu eta horien arteko «oreka lortzen» saiatu da. Azken finean, hauxe baita bere «bidea bai eta bizitzeko modua ere». Hala, «nik harria, egurra eta burdina hautatu nituen. Naturak jarri zizkidan eskuan. Baita haiek elkartzeko ideia ere, batasunerako bidea erakutsiaz. Elkartzeak materialaren ezagutza sakona eskatzen zidan: bakoitzaren izaera ezberdinak, egitura eta ñabardurak orekatu behar nahitaezkoa. Ariketa horrek orekaren bila jarri ninduen. Orekan, soilik han, egon zitekeelako batasunerako giltza. Orekak ahalbidetzen duela guztia ikasi nuen, bizia bera ere bai», azaldu du.

Beraren ustez, dena den, berrikuntzarik nagusia hiru dimentsioko eskulturak hainbat espaziotatik ikusteko aukera ematea da.

«Oso interesantea iruditzen zait nola ikusi ahal dugun planoa marrazkian lehenengo eta bolumenarekin eskulturan beranduago», nabarmendu du.

 

«Nere lanetan materialen nortasuna ageri da»

Oreka bilatzen du Mikel Lertxundi artista bizkaitarrak bere lanetan, munduaren oreka, hain zuzen. Eta horretarako argi du zeintzuk diren elementuak; burdina, harria eta egurra. Hori bai hiru elementu horiek ura, haizea eta sua dakartzate atxikita eta nortasun propioa dute, berak beti errespetatzen duen nortasuna.

«Lehenik eta behin nere lanetan material bakoitzaren nortasuna ageri da eta elkarri laguntzen diote materialek gainera», argitu du. Artistaren hitzetan gainera, ezinbestekoa da obrari berari erreparatzea, mezua obrak helarazten baitu. «Nik nahiago dut lanak berak hitz egitea. Jendeak askotan artistak esaten duenari egiten dio soilik kasu, baina nire ustez obrak berak zerbait esaten du eta garrantzitsuena horixe da, nere lanetan behintzat. Materialak nortasuna azaltzen du», esan du.

Irailaren 13a arte Donostian ikusgai duen bilduman ere lanek elementu guztien arteko oreka bilatu du Mikel Lertxundik, behin baino gehiagotan argitu izan duen moduan «bizitza oreka behar duen balantza bat bezalakoa» baita. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo