GARA > Idatzia > Pilota

BEREZKOAK Donibane Garaziko Mastersa

Ibarrola-Etxeto eta Muskarditz-Kurutxari, biharko finalera

Larretxea-Maite eta Etxeberri-Ezkurra bikoteak kaleratu zituzten, hurrenez hurren, atzo arratsaldean jokatutako finalerdi parekatu eta borrokatuetan

p047_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Ibarrola-Etxeto eta Muskarditz-Kurutxari bikoteek jokatuko dute bihar (19.00) Garat trinketean Donibane Garaziko Mastersaren final nagusia. Atzo jokatutako bi finalerdiak oso parekatuak irten ziren, markagailuan gorabehera handiekin, eta pilotalekura joan ziren zaleek asko gozatu zuten zortzi protagonistek erakutsitako joko onarekin.

Lehen finalerdian, Patrick Ibarrolak ordezkatu behar izan zuen azkenean Jean Pierre Idiart. Aurrelaria eskuko minarekin dabil azkenaldian eta ezin izan du Garaziko Mastersa jokatzeko osatu. Edozein modutan, Ibarrolak itxura oso ona eman zuen eta ordezko ezin hobea izan zen bikote gorrian.

Hala ere, Ibarrolak eta Etxetok asko sufritu zuten Larretxea eta Maite mendean hartzeko. Olivier Larretxea izan zen partidako pilotaririk onena eta urdinek markagailuan 21 eta 30 aurreratzea ere lortu zuten. Azkenerako, ordea, Serge Maite atzelariak nekea nabaritu zuen eta gorriak zuzen-zuzen joan ziren 40. koadrora. Azken emaitza, 40 eta 35 Ibarrola eta Etxeto garaile.

Bigarren finalerdian ere emaitza estua izan zen benetan. Rene Muskarditz eta Andre Kurutxarik 40 eta 36 hartu zituzten mendean Herve Etxeberri eta Paxkal Ezkurra. Gorriek oso ongi jokatu zuten eta pronostiko argirik ez bazegoen ere -Paxkal Ezkurra oso maila ona ematen ibili da azkenaldian jokatu dituen norgehiagoketan-, meritu handiko garaipena lortu zuten. Gainera, Rene Muskarditzek Baionako finalerdian Ezkurra II.aren kontra jasotako porrotaren arantza kentzeko aukera izan zuen atzo Donibane Garaziko bigarren finalerdiko lehia gogorra irabazita.

Hala bada, dena prest dago bihar 19.00etan jokatuko duten final nagusirako. Garat trinketeak jantzi ederrenak ipiniko ditu urteko final garrantzitsuenetako bat jasotzeko. Pilotalekuak arratsaldeko seiak aldera irekiko ditu ateak eta finala ordubete beranduago jokatuko dute Nafarroa Behereko hiriburuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo