GARA > Idatzia > Euskal Herria

Inoiz baino pirata gehiago eta magia handiagoa izan zen

Donostiako festak turistei begira eginak dira. Zer egin dezakegu hori aldatzeko?», galdetu zioten gazte batzuek beren buruari duela bost urte. Hala sortu zen piraten mugimendua. Atzo, altxor preziatuenetakoa lortu zuten, inoiz baino bestalari gehiago bildu baitziren herri giroan.

 

p018_f01.jpg

Maider IANTZI

Batzuk toalla bizkarrean hondartzara bidean zihoazen; bertzeak paseoan zebiltzan, edo lanean. Banatzaileek janari eta edari kaxak eramaten zituzten ostatuetara; muntatzaileak postuak eta agertokiak prestatzen ari ziren... Kaian, ohiko txalupak zeuden lotuta, baina ondoan ontzi benetan bereziak eraikitzen ari ziren ehun gazte koadrila inguru. Piraten Abordatze Eguna zen atzo eta itsaslapur bestazaleek gogotik egin zuten lan eguzki berotan.

Paletak, zeloak, surf oholak, metalezko eta plastikozko bidoiak, erratzen makilak, sokak, kanabera luze-luzeak... Herri jaien aldeko lagunak era guztietako objektuz ari ziren kaia betetzen, hamaika herritar eta turistaren begiradapean. Asko izerdi patxetan ari zen mailuarekin jo eta ke iltzeak sartzen, lagun arteko giro jatorrak eta bozgorailuetatik ateratzen zen musika alaiak animatuta. «Altxa bandera, aingura! Altxorra begi bistan!», erraten zuen abestiak. Gazte batzuk irratsaio bat egiten hasi ziren zuzenean portuan bertan eta, lehenik eta behin, argibideak eman zizkieten pirata guztiei: «Aldapa ahalik eta garbiena edukitzea nahi genuke. Ulertzen dugu jendearen dibertimenduen artean elkar zikintzeko ohitura izatea, baina mesedez arrautzarik ez erabili!». Bertze batzuk, berriz, «Izan pirata» lelodun kamiseta eta zapi beltzak saltzen ari ziren postu batean. Bazkarirako txartelak banatzen zituzten, informazioa eman, txalupen erregistroa egin (ontziaren izena, itsaslapur kopurua eta helbide elektroniko bat apuntatzen zuten), silikona banatu bidoiak behar bezala ixteko...

Oier eta Haritz antolatzaileekin mintzatu ginen, eta hagitz kontent zeuden ekimen piratek duten arrakastarengatik. Inoiz baino koadrila gehiago elkartu zirela jakinarazi zigun Oierrek: «Aurten bai abordatuko dugula Donostia!», erran zuen irribarrez. Urte osoan aritu da hainbat gazte asanblada dena antolatzen eta, nahiz eta ekitaldiak espero baino jendetsuagoak izan, azpiegitura nahiko ongi prestatua zuten.

Balantze oso positiboa

Portuan ehun koadrila inguru bilduak zirela eta bazkarirako 950 txartel banatuak zituztela azaldu zuen Haritzek. «Oraindik txartelak eskatzen ari da jendea, baina Jaurlaritzak ez digu utzi iragarri bezala otordua portuan egiten eta Trinitate plazara joango gara. Bertan ez dugu lagun guztientzat tokirik izango», adierazi zuen. Debekuak eta oztopoak gorabehera, bost urte hauetako balantze hagitz positiboa egin zuen antolatzaileak. Lehenbiziko urtean 10-15 txaluparekin hasi zirela ekarri zuen gogora; bazkarian, aldiz, 300 lagun bildu ziren. Pozik zegoen Haritz herritarrak ekimenetan parte hartzen ari direlako, gero eta gehiago gainera, eta modu horretan Udalak antolatutako Aste Nagusiari kritika egiten diotelako. «Herriak beste behar batzuk dituela frogatzen dute horrela», baieztatu zuen.

Orain dela bost urte Donostiako jai ereduari buruzko eztabaida pizteko asmoz sortu zuten Piraten ekimena. «Aste Nagusia aspergarria da, turistei begira antolatua. Zer egin dezakegu hori ekiditeko?», galdetu zioten beren buruari. Urtetik urtera gero eta egitarau zabalagoa osatzen dute; hala ere, jabetzen dira mugimenduaren mugez. Gazteei zuzendua da eta gainerakoak kanpoan gelditzen dira. Hargatik ari dira hainbat eragilerekin mintzatzen, denen artean jai batzorde zabalagoa eratzeko. Aurten abiapuntua paratu dute.

Irudimena gailendu zen kaian, eta kolore eta mota ugaritako txalupak eraiki zituzten gazteek. Haizea eta bere familia, errate baterako, bidoiak, paletak, torlojuak eta iltzeak erabiltzen ari ziren ontzia egiteko. Parte hartzen zuen bosgarren aldia zuen Haizeak, eta aurtengo abordatzea «sekulakoa» izanen zela adierazi zuen erratz makilaren gainean bandera jarri bitartean. Paletak eta bidoiak ziren Mikel Kamino eta lagunen txaluparen oinarria ere. Lotzeko sistema, berriz, hagitz erraza zen; soka eta zeloa bertzerik ez zuten erabili. «Oso gustura nago. Sentsazioa ikaragarria da. Hala ere, onen-onena abordatzera ateratzeko unea izaten da. Estropadak ematen dute», aitortu zigun.

Nagoreren koadrilaren txalupa benetan berezia eta landua zen: larrosa gorriz apainduta zuen gaineko aldea eta, horregatik, Sei Lore izena eman zioten ontziari, sei lagun baitziren. Furgonetarekin lantegi batera joan eta bidoi batzuk hartu zituzten egun batean; hurrengoan, bi palet eta xafla bat lortu zituzten; eta herenegun gelditu ziren dena lotzeko eta margotzeko. Beraz, lana hagitz aurreratua zuten atzoko; apaingarriak jartzea soilik falta zitzaien. Benetan gustuko du Nagorek Abordatze Eguna, goizetik gauera arteko jaia delako, lagunekin bazkaltzen duelako eta bertze koadrilekin egon ere bai.

Unaik atzo bakarrik zuen jai, Aste Nagusiko gainerako egunetan lan egin behar du, eta bestari zuku guztia ateratzen ari zen horregatik. Bertze hamar lagunekin batera ontziaren egitura indartzen ari zen berekin egon ginenean.

Egun berezia, desberdina

Jokin lehenbiziko aldiz ari zen ekitaldian parte hartzen; ongi baino hobeki hartua zion lanari neurria, ordea. Atseden hartzen ari zen, garagardoa edanez eta tarteka ogitartekoari hautsiki handiak eginez. «9.30erako gelditu gara upelak eta paletak iltzeekin eta sokekin lotzeko, arraunak egiteko... Primeran gabiltza eta, gainera, uste dut oraindik hoberena etortzeko dagoela ¯aitortu zuen¯. Berezia da gaurko eguna, desberdina. Gainerakoetan betikoa egiten dugu: tabernetan dantzatu...». Jokinek bezala, bertze lagun pila batek ere ikasia zuten beroari eta nekeari nola aurre egin, eta edonon zeuden ur botila handiak, garagardo potoak eta freskagarriak. Bazen bainua hartzen ari zenik ere.

Benetako bainua bazkaldu ondotik etorri zen, ordea. Ehunka lagun bildu zen mahaiaren bueltan eta gainezka egin zuen Trinitate plazak; batzuk jateko lekurik gabe gelditu ziren. Handik kaira jo zuten denek berehala, eta magiaz bete zuten ura. Hainbat bandera nahasi ziren: kubatarra, irlandarra, komunista, Arrano Beltzarena... Piraten oihal beltzak ere baziren, baina ukitu berezia zuten denek: batek porroa eta garagardo edalontzia zituen, bertzeak Donostiako bandera...

Aldarrikapenak ere izan zuen tokirik: «Superporturik ez», «Amnistia eta askatasuna», «Euskal presoak Euskal Herrira» eta bertze hainbat eskaera ageri ziren oihaletan. Auzoak protagonista izan ziren: «Egia herria jai herrikoien alde», «Añorga gazte asanblada»...

Haragi eta arrain puskak, irina, arrautzak, ura eta garagardoa zebiltzan airean. Horregatik, pirata batzuek burua zuri-zuri zuten, edo laranja, gorri edo bertze edozein koloretakoa. Duela mende anitz bezala, itsaslapurrak lehian ari ziren elkarren artean, bakoitza bere ontzia babesten. Izan ere, txalupa gehienak eurek eginak ziren eta batzuek lan handia zuten gibelean; transatlantikoak ematen zuten. Borrokan aritzeaz gain, dantza ere gogotik egin zuten. Musika aproposa zuten horretarako eta txupinazorako giroa gori-gori zegoen. «Izan pirata, herri jaien alde, abordatzera!», oihukatu eta hondartzara abiatu ziren ontzi eta kalaberak.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo