GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT bultzatzeko Sustapen Ministerioak hartutako jokabidea «inposatzailea» dela salatu du Batasunak

GARA | DONOSTIA

Abuztuaren 8an eta 9an Sustapen Ministerioak Abiadura Handiko Trenaren zenbait zatiren desjabetze prozesua ireki du, eta hilaren 25ean bukatuko dela iragarri du gainera. Gobernu espainolaren jokabide honen larritasunaz ohartarazi zuen atzo Batasunak prentsa ohar baten bidez. Ministerioaren jarrera «inposatzailetzat» eta «antidemokratikotzat» jo du alderdi independentistak.

Batasunak gogora ekarri duenez, Madrilgo Sustapen Ministerioaren agindua honako tarte hauei dagokie: Arrasate-Elorrio, Abadiño-Durango, Zornotza-Lemoa, Galdakao-Basauri, Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate.

Bereziki larria iruditzen zaio Batasunari agindua «egun batetik bestera» eman izana, bai eta «tramiteak egiteko hamabost eguneko epea soilik» eman duela ere. Hau da, Batasunak nabarmendu duenez, «udaletxeetako obra txikiak» egiteko ematen den epea baino motzagoa. Eta, gainera, prentsa oharrean salatu duenez, «hau dena kaltetutako herritarrak oporretan daudenean egin du» Jose Luis Rodri- guez Zapatero buru duen Gobernuak.

«Jarrera koldar honekin, parte-hartzea bultzatu beharrean, Ustapen Ministerioak nahita oztopatu egiten du herritarrek parte hartzea, eta defentsa eskubidea mugatu egiten du», ondorioztatu du alderdi abertzaleak horren salaketa egiteko orduan.

Gertaturikoak, ordea, ez du Batasuna ustekabean harrapatu: «Agerian geratzen da beste behin ere Madrilgo eta Gasteizko gobernuek ez dutela entzuten herritarren eskaera demokratikoa AHT gelditzeko. In- posaketa eta prepotentzia dira Administrazioek erakusten duten talante bakarra», esan du Zapateroren gobernuaz eta Juan Jose Ibarretxe buru duenaz.

Bilbon elkarretaratzea

Hau guztia dela eta, egitasmo erraldoi honen aurrean mobilizazioaren alde egin du Batasunak berriro ere. Eta ostiralean horretarako hitzordua egon badagoela ekarri du gogora. Izan ere, AHT Gelditu! Elkarlanak elkarretaratzera deitu du etzi Bilbon Gobernu espainolak duen egoitzan, Moyua plazan hain zuzen ere, 11.00etan.

Ekitaldian protesta agertzeaz gain, abiatu den prozesuaren aurkako alegazioak aurkezteko aukera izango dute herritarrek. Horretarako idatziak prest ditu AHT Gelditu! Elkarlanak, AHTren aurkako Asanbladak eta bestelako elkarte batzuek. Asmoa salaketa horiek guztiak hilaren 25erako aurkeztea da, egun horretan agortzen baita Ministerioak ireki duen epea, bi aste eskasekoa hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo